Talde Berdeko kideek ekintza gehiago egin nahi dituzte aurten, 2024-25 ikasturtean.
Landuko duten gai nagusia Ura bada ere, horrez gain, oso keinu konkretuak bultza ditzagun egingo dute lan, hilabetero keinu txiki eta erraz batekin.
Urrian mugikortasuna hartu dute ardatz. Zein da keinua? Oinez, patinetez edo bizikletaz ibiltzea. Auto pribatua gutxiago erabiltzea eta, ahal izanez gero, partekatzea.
Zergatik mugikortasuna? Hemen datu esanguratsu batzuk:
Berotegi Efektuko Gasak dira klima-aldaketaren erantzule nagusiak. Gaur egun bizitzeko dugun moduaren eta eguneroko praktika eta ohituren ondorioz, gero eta CO2 tona gehiago isurtzen ditugu atmosferara. 85.676 tona CO2 igorri zituen Oiartzunek 2019an, 2010ean baino 3.000 gehiago. Joera hau mantenduko bagenu, 2030ean 90.000 CO2 tonatik gora isuriko lirateke herrian.
Azken 40 urteetan 1,2ºC igo da Oiartzungo batez besteko tenperatura eta prezipitazio kopuruak behera egin du. Bizi eta kontsumo ohiturak mantendu eta neurririk hartuko ez bagenu, mende amaierarako 4,5ºC igoko litzateke tenperatura. Bero boladak, lehorteak eta gau tropikala ere ugaritu egingo lirateke.
Autoek eta beste garraiobide kutsakorrek sortzen dute CO2 gehien. Garraiobide kutsakorrak eta bereziki autoak erabiltzeagatik 53.000 tona CO2 isurtzen ditugu urtean Oiartzunen, kopuru osoaren %61. Pertsonako gutxi gorabehera:
- Ibilgailu partikularretan, 208 g CO2e/km.
- Hiri-busean, 135 g CO2e/km.
- Oinez, patinetez edo txirrinduaz, 0 g CO2e/km.
Gelaz gelako aurkezpena
Gaur, Talde Berdeko kideak, aurten 35 bat dira, geletara joan dira ekimenaren berri ematera eta parte hartzeko eskatuz. DBHko ordezkariek euren geletan egin dituzte aurkezpenak. LH4, 5 eta 6. mailakoek, berriz, euren mailetan, eta LHko beste mailetan eta HHn. Baita idazkaritzan ere.
Ondoren, Guraso Ordezkariengana ere joateko asmoa dute, euren urriko zein ikasturteko keinuaren berri ematera.
Gogoratu: xumea irudituagatik, ekintza bakar bat ere ez da alferrikakoa.