Eskolaz kanpokoak
Eskolaz Kanpoko Ekintzak ikasgelatik kanpo eta modu informalean lantzen diren gaiak izanik, ezer baino lehen ongi pasatzeko uneak dira. Baina ongi pasatzeak ez du esan nahi ikasten ez denik. Alderantziz, pedagogoek diote ikasteko, motibatuta ez ezik, haurrak emozionatuta egon behar duela, emozionatuta gaudeneko momentuak hobeto gogoratzen ditugulako.
Kultur eta kirol arloko 19 ekintza proposatzen ditu Haurtzaro Ikastolak, haur bakoitzak bere gogoen eta gustuen arabera aukeratzeko, baina guztietan lantzen ditugu bizitzarako ezinbestekoak diren hainbat abilezia eta balore, besteak beste: jendaurrean komunikatzea, konpromisoa, sormena, psikomotrizitatea, antolaketa, trebetasun sozialak, iniziatiba hartzea, oreka, elkartasuna, pazientzia, enpatia, entzuten jakitea, talde-lana eta herritartasuna. Horrez gain, Eskolaz Kanpoko Ekintzak haurraren garapen osoan eta autoestimuan eragiten duten saioak ere badira.
Covid-19a dela eta, aurtengo ikasturtean zabaldutako eskaintza mugatua da. Pixkanaka, egoerak, baldintzek, baliabideek eta arauek uzten duten heinean, eskaintza zabaltzen ari gara. Zailtasun handiena instalazioena da.
Hau da, azken urtetan eskaintzen ditugun ekintza sorta:
Kultura arloko ekintzak
- Sorgin eta Aztien Heltzea
- Eskulanak
- Dantza Garaikidea
- Bertsolaritza
- Euskal Dantzak
- Dantza Txapelketak
- Musika Tailerra
- Abesbatza
- Antzerkia
- Gitarra
- Panderoa eta kriskitinak
- Trikitia
- Mekanografia
- Robotika
- Komikigintza
Kirol arloko ekintzak
16. Xakea
17. Eskola Kirola
18. Atletismoa
19. Kirola, Osasuna eta Elikadura
Ikasturte honetan martxan jarritakoak, oraingoz, hauek dira:
- Bertsolaritza: 2 talde
- Antzerkia: 3 talde
- Gitarra: banakako saioak
- Panderoa eta kriskitinak: banakako saioak
- Trikitia: banakako saioak
- Mekanografia: online
- Robotika: online
- Eskola Kirola: 11 talde
Hainbat emanaldi ikasturtean zehar
Astetik astera gelan edo saioetan ikasitakoa baloratzeko, egindako bideaz jabetzeko eta aurrera jarraitzeko gogoa eta ilusioa mantentzeko, oso garrantzitsua da entseguetan egiten dena jendaurrean agertzea. Haurrarentzat oso bizipen garrantzitsuak dira, maiz oroitzapenetan geratzen diren horietakoak. Une horietan talde lanaren balioa indartu egiten da, urduritasunak kontrolatzen ikasten da eta ongi egindako lanaren satisfazioa handitzen da.
Ikasturte osoan zehar sortzen zaizkigun aukera guztiak baliatzen ditugu jendaurreko saioak egiteko, hala nola, herrian antolatzen diren jaiak, ikastolak berak antolatzen dituenak, puntualki jasotzen ditugun gonbidapenak eta, astero-astero, Eskola Kiroleko jardunaldiak eta atletismoko frogak.
Ikasturteko unerik gogoangarrienetakoak ekainean izaten dira. Ikasturte amaieran, udaletxeko pleno aretoan antzerki eta musika emanaldiak izaten dira, baita bi urtean behingo Haurtzaro Dantza Taldearen emanaldia ere, eta Ikastola Egunean Eskolaz Kanpoko Ekintza askoren erakustaldiak egiten ditugu.
Pasa den ikasturtean emanaldiak etenda egon ziren. Eskola Kirolaren kasuan, ikastetxean bertan burbuilaka Haurtzaro Ikastolako ikasleekin bakarrik egin genituen saioak. Tartean triatloi saio berezi bat ere egin genuen eta benetan eskertzekoa izan zen gurasoen laguntza.