Urteroko ohiturari jarraiki, Oiartzo Ikastolaren Eguberriko Topaketa egin da aurten ere

Iazko ikasturtean batxilergoa bukatu zuten 117 ikasleei ekitaldi xumea eskaini zaie

Oiartzo batxilergo ikastolaren 2024ko Eguberriko Topaketa egin da abenduaren 23an, astelehen arratsaldez, Orereta-Errenteriako Niessen Kulturgunean. Oiartzo Oiartzungo Haurtzaro eta Orereta-Errenteriako Orereta Ikastolen batxilergo ikastola izanik, bi herrietan txandaka egiten da Eguberriko Topaketa; aurten, Orereta-Errenterian tokatu da. Ikasleak, haien familiak, irakasleak, Orereta eta Haurtzaro Ikastoletako ordezkariak, eta udalekoak izan dira bertan.

Ikasleak beraiek aritu dira ekitaldiaren aurkezle eta gidari lanetan. Oiartzo Ikastolako zuzendari eta lehendakariari eman diete hitza lehenik. Olatz Mitxelenak (zuzendaria) eta Maider Gezalak (lehendakaria) iaz ikasketak bukatu zituzten ikasleei zorionak eta eskerrak eman, etorriko direnei ongietorria egin, irakasle eta langile taldea eskertu eta Ikastolaren etorkizuneko erronkak aipatu dituzte. Aipamen bereziak izan dira Txema Marin irakasle eta Maider Gezala lehendakariarentzat; lehenak iazko ikasturtearen amaieran hartu baitzuen erretiroa eta bigarrenak orain, 2024a amaitzearekin batera, uzten baitu Oiartzoko lehendakaritza.

Ohiturari jarraiki, ikasleen ikuskizunak eta hitzartzeak ere izan dira ekitaldian. Ikasleek “beren” irakasleei egindako sari-banaketa izan da aurtengo berritasun nabarmena. Diploma akademikoen banaketa, taldeko argazki, aurresku eta elkarrekin berriketan aritzeko osteko mokaduarekin amaitu da Oiartzo Ikastolaren 2024ko Eguberriko Topaketa.

oiartzo topaketa