Urmendi

0-3 zikloko haurren heziketa osoa bultzatzen dugu Urmendi Haur Eskolan. Haurraren garapen egokia bideratzen laguntzen dugu, bakoitzaren beharrak eta erritmoak errespetatuz eta haurraren  martxara egokituz. Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0-3) ibilbide bat bezala irudikatzen dugu.

Sehaskako haurrekin hasten da ibilbide hori. Lehendabiziko urtean haurra seguru  eta ongizatean sentitzea da helburua. Ertainetan, berriz, poliki-poliki autonomiaranzko lorpenak agertzen hasiko dira, eta 2 urteko geletan, gure ibilbidearen amaieran, haurrak sozializaziorako bidea hartuko du.

Jolas librea eta proposamen irekiak dira haur eskolako dinamika nagusiak. Horretarako, material eta espazio egokiak garrantzitsuak dira; esaterako, sormena bultzatzeko material neutroak, arriskurik gabeak, talde eta adin bakoitzera egokituak, ahalik eta material naturalenak… Haurra bera izango da materialari bizia emango diona, bere gaitasunak eta ideiak garatuz. Bestalde, jarduera proposamenak irekiak dira, eta ez zuzenduak edo bideratuak; haurra izango da hezitzaileak proposaturiko jardueran bere iniziatibaz eta bere modura murgilduko dena. Sortze eta gauzatze prozesu propio horri garrantzia ematen diogu. Hori guztia, noski,  helduaren begiradapean eta horrek eskaintzen dion segurtasunak ahalbidetuta egingo du. 

Ezin aipatu gabe utzi asteroko psikomotrizitate saioak. Espazio zehatzean egiten ditugun saio horietan haurrak bere gorputzaren eta bere jolasaren bitartez adieraziko du nor den eta zein momentutan dagoen.

Gure proiektuan kalean ibiltzeak garrantzia handia du. Izan ere, esperimentaziorako eta  ezagutzarako testuinguru bikaina da. Herriak berak eskaintzen dizkigun txokoak eta inguruneak ezagutzeaz gain, naturan, kalean gozatzen dugu. Horrela, hainbat sentsazio bizi ahal ditugu (hotza, beroa, haizea), zoru eta erliebe ezberdinetan ibiltzen gara, arriskuez jabetzen gara, eta abar.

Otordu garaiak eta loak garrantzitsuak dira haurraren ongizatean, eta ezinbestekoa da momentu horietan giro lasai eta gozoa eskaintzea, bere erreferentziazko hezitzailearekin (tutorearekin), gelakideekin eta haren gelan. Horregatik, haur eskolako gelak momentu bakoitzeko beharretara egokitzen ditugu: bazkaltze-gunea antolatuz, lotarako, jolas librerako eta hainbat proposamenetarako…

Beste ardatz nagusia heldua da, bai hezitzailea, baita gurasoa ere. Horrexegatik, ezinbestekoa da guztion arteko elkarlana. Gurasoekin egunero izaten dugu zuzeneko harremana gelan (bai haur eskolara sartzerakoan, baita haurra jasotzean ere). Izan ere, eguneroko bizipenak elkar trukatzeak balio handia du. Informazio trukeari dagokionez, ezin aipatu gabe utzi egunero haur bakoitzaren motxilan joan-etorrian ibiltzen den koadernoa. Koaderno horretan tutoreak haurraren eguneroko bizipenak idazten ditu, eta familiek ere parte har dezakete bertan idatziz.

Horrez gain, batzordeen bitartez funtzionamenduan eta kudeaketan modu zuzenean parte hartzeko aukera dute; baita suerta daitezkeen hainbat proiektutan ere.

3 urteko bidean hauek dira ardatz nagusiak: haurren beharrak asetzea, espazio, material  eta antolaketa egokia eskaintzea eta heldua bide lagun izatea. Horren harira sortu genuen gure leloa: Jolastuz, izan eta hazi / lagunduz, izan eta hezi. 

Izateko, esperimentatzeko eta pentsatzeko (handitzeko) erabiltzen ditu haurrak jolasa eta mugimendua. Bakoitzaren prozesua errespetatzeari garrantzia handia ematen diogu. Beste era batera esanda, haurrak bere iniziatibaz eginiko lorpenak plazerrez bizitzea lehenesten dugu.

WEBGUNEA

www.oiartzungohaur-eskola.com