Manga bana eskuetan

Ioritz Lizaso, Adur Etxeberria, Oihan Etxebeste, Aitor Aizpurua eta Alex Zuriarrain oiartzuarrak Haurtzaro Ikastolako (Gipuzkoa) ikaskideekin heldu ziren Durangora, baina ez zuten inongo tailerretan eman izena. Beren kasa ibiltzeko utzi zizkieten bi orduak Azokako kaleetan gora eta behera eman zituzten, gustuko produktuen bila. Manga bana eskuetan zutela, Landakoko bazter batean dauden eskaileretan eseri, eta irakurtzen aritu ziren, ordu erdiz edo. Cube Arts, Dinosaurs Sanctuary eta Heroines Game sailetako aleren bat edo bi zeraman bakoitzak.

Haien hitzetan, «euskaraz natural, erraz eta gustura irakurtzeko moduan» daude itzulita, eta salneurria «aski egokia» dutela gaineratu zuten. Manga ale bakoitza 10 euroan jarri du salgai Harriet argitaletxeak, eta, horko editore Mikel Muroren hitzetan, tirada handiko erdarazko aleak baino apur bat garestixeago izanagatik ere, «aldea txikia eta onargarria» da.

Aipaturiko manga ale horiez gain, diskoak ere erosi zituzten: ETSren Aukera berriak, Glaukomaren Kalima, Faborez bildumako CDak eta Su Ta Gar taldearen Jaiotze basatia biniloa.

Iturria: Berria egunkarian argitaratutako Gazteena ere bada Durango artikulua, Garbiñe Ubedaren eskutik.

Ikusi gure ikasleek egindako manga lanak: