Ispiluari begira izeneko euskararen transmisioaren gaineko formazioa jasotzen ari dira LH2ko ikasleak eta beraien gurasoak, UEMAren eskutik.
Gaur ostirala, azaroak 15, bi taldek jaso dute, A eta C gelek. Hurrengo ostiralean, azaroaren 22an, hirugarren taldearen txanda izango da, B gelarena.
Dinamika
Hasteko, hiru egoera planteatu dizkiete haurrei geletan, beraien hizkuntza ohiturak ezagutzeko. LH2. maila aukeratzen dute, haurrak oraindik ez daudelako hain baldintzatuta edo “kutsatuta”, eta zintzo, naturalki, erantzuten dutelako. Hiru egoerak/lekuak honakoak dira:
- Etxea
- Parkea/kalea
- Haurtzaro Ikastola
Haurrek gometxak itsatsi dituzte, kolorearen arabera:
- Euskara: berdea
- Gaztelania: urdina
- Euskara + gaztelania: gorria
- Munduko beste hizkuntza bat: horia
Gero, gurasoak jarri dira “ispiluaren aurrean” jantokian, emaitza horiek ezagutzeko eta guraso bezala zer egin dezaketen emaitza horiek iraultzeko.
Emaitzak oso positiboak izan dira, argazkietan ikusi ahal duzuen moduan. Dena den, ez lasaitzeko eta lanean jarraitzeko eskatu diete UEMAko kideek ikasleei, irakasleei eta gurasoei.