Udazken amaierarako prest edukiko dute Zazpigarren Batzarretik eratorritako hurrengo bost urteetarako plan estrategikoa
•
Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra geletara eramatea, ikasleen euskararen ezagutzan eta erabileran eragitea, ikastola guztien aukera erreal bilakatzea, nazio ikuspegia sakontzea eta ikastola eredua indartzea dira aurtengo helburu nagusiak
•
Ikastolek 2024-2025 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia ospatu dute gaur, Senperen, Kattalin Elizalde kolegioan. Agintari, hautetsi eta alderdi, sindikatu, gizarte eragile eta hezkuntza, euskalgintza eta kulturgintzako hainbat ordezkari bertan zirela, aurtengo ikasturterako helburu nagusiak azaldu dituzte. Ekitaldia bertan egiten zela probestuta, Kattalin Elizalde kolegioaren, ikastolen mugimenduaren 114. ikastolaren, inaugurazio ofiziala ere egin dute.
Ikastolek ilusioz, baikortasunez eta indar biziberrituz ekin diote ikasturte berriari, hurrengo urteei begira euren buruari jarri dizkioten helburuak lortzeko iparra zehaztuta dutelako, kohesionatuta daudelako eta ekin diotelako biharko ikastolak diseinatzeari, biharko Euskal Herria eraikitzeko. Halaxe adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak, gaur, Senperen, Ikastolen 2024-25 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian.
Ilusioaren, baikortasunaren eta indarberritzearen arrazoia ekainaren 22an, Iruñean, ikastola mugimendua osatzen duten ikastolek egindako Zazpigarren Batzarra izan da. Han hartutako erabakiek markatuko dute ikastolen ibilbidea hurrengo bost urteetan. “Iparra markatuta dugu, badakigu zer egin behar dugun eta hori dena gauzatzeko ibilbidea marrazten hasiak gara” esan du Artolak.
Ikastolak herri proiektuak direla, herritar eta herrikoiak, gogorarazi du Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta nazio mailako hezkuntza erakunde bakarra direla azpimarratu du, Euskal Herri osoan murgiltze eredua eskaintzen duen bakarra, eta hezkuntza sistema propioa osatzeko eskubidea aldarrikatzen duena.
“Euskara biziberritzeko sortu ginen, murgiltze ereduaren bitartez kalitatezko hezkuntza eskaintzea izan da gure egitekoa, mandatu hori dugu, eta horretan jarraituko dugu, eredu pedagogikoan sakonduz, material berriak ekoitziz, irakasleen prestakuntzan eraginez, gure herriko hezkuntza sisteman beharrezko ezezik ezinbesteko garelako. Ikastola berriak sortuko ditugu, gela berriak ireki… eta ez ditugu itxiko. Horren lekuko da Kattalin Elizalde kolegio hau, gure 114. Ikastola. Haziz doan mugimendua, inori ateak ixten ez dizkiona; aitzitik, ateak zabal zabalik dituena”, adierazi du Nekane Artolak.
Ikasturte berria martxan jarri den honetan, ikastolen mugimendua indartu eta sendotzeko urrats gehiago egin behar dituztela aipatu du Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta honela zerrendatu ditu helburu nagusiak:
- Zazpigarren Batzarrak emandako mandatua betetzeko ibilbidea zehazteko hurrengo bost urteetarako plan estrategikoa diseinatzea. Udazken amaierarako egina egotea aurreikusi dute.
- Iaz aurkeztu eta ikastoletan lantzen aritu diren Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra ikasgeletara eramatea.
- Digitalizazioaren atalean bi atali helduko diete ikastolek: alde batetik, burujabetza teknologikorantz egingo dute eta, bestetik, ahalduntze digitala dute helburu.
- Ikastoletako ikasleen euskara mailan, euskararen erabileran eta euskal kulturaren ezagutzan eragitea.
- Euskal Herrian bizi diren familia guztientzat, eta hala nahi duten guztientzat, baina bereziki egoera zaurgarrian daudenentzat ikastolak aukera erreal bat izatea. “Ikastolak aukera erreal bat izatea, ezagutzen dugulako elkar; aukera erreal bat izatea, ez dagoelako eragozpen ekonomikorik gurera etortzeko; eta aukera erreal bat izatea ikasle horiek euskaldundu nahi dutelako eta guk hori bermatzen diegulako”, azaldu du Artolak. Horretarako, ikastola guztietan barne beka sistema edota kuota progresiboa ezartzeko bidea abiatuko dutela esan du.
- Erakunde gisa, nazio izaerari bultzada bat ematea, egitasmo berriak martxan jarriz, nazio ikuspegi hori uztartuta. “Lortu dugu Zazpigarren Batzarraren prozesuan ikastola guztiak inplikatzea; orain dagokigu hilabeteotan sentitu dugun kohesioa eta elkarrekin arraun egiteko ilusioa artikulatzea”.
- Ikastola ereduaren oinarriak gaurkotu eta indartzea, beste balio batzuk ere erantsiz.
Helburuok lortzea erronka handia dela aitortu du Nekane Artolak, eta horietako zenbait ezin dituztela ikastolek bakarrik egin. Aitzitik, herri erronkak direnez, herri bezala erantzun behar dietela esan du, eta elkarlanerako deia egin du, gainerako hezkuntza eragileekin, euskalgintzarekin eta kulturgintzarekin aliantzak indartu eta berriak egitera.
“Iruñean amaitu den prozesu batetik gatoz; konpromisoak eta erabakiak hartu genituen. Datozen urteetako egiteko eta erronka nagusiak ditugu. Badugu zer egina. Biharko ikastolak biharko Euskal Herria eraikitzeko. Oinak lurrean dituzten ameslariak gara. Ametsak errealitate egin dituzten ameslariak gara. Eta amesten jarraitzen dugu, gaurko ametsak biharko errealitate izan daitezen. Herri hau eraikitzen jarraitu behar dugu hezkuntzatik eta euskaratik”, amaitu du Ikastolen Elkarteko lehendakariak.
Senperen ospatu dute ikastolek ikasturte berriaren hasiera ekitaldia, Kattalin Elizalde kolegioan, ikastolen mugimenduaren 114. ikastolan. Urtebete bada ateak ireki zituela, baina oraindik ofizialki inauguratu gabe zegoen. Horregatik, ekitaldi hau probestu dute ikastola bera ere inauguratzeko, xingola mozketarekin.
Ekitaldira agintari, hautetsi, alderdi politiko eta sindikatu eta kooperatibetako ordezkari, gizarte eragileetako ordezkari eta hezkuntza, euskalgintza eta kulturgintzako ordezkari asko hurbildu dira. Hitza hartu dute ekitaldian Pirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakari Jean Jacques Lasserre-k, Euskal Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegaraik, Senpereko alkate Bernard Elhorgak, Kattalin Elizalde kolegioko lehendakari Mixel Bidegainek eta Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak.
Hitzaldiez gain, musika, kantua eta dantzak izan dira Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldian. Euskadiko Orkestrako Itziar Prieto eta Ortzi Oihartzabal biolinistek, Lapurdiko Haur Kantu Txapelketako irabazle izan diren Oihan Izeaga eta Elsa Urruti kantari gazteek, Pasaia-Lezo ikastolako Ihintza Erauskin eta Mikel Esnaola dantzariek, Bixente Ziaurriz dantzariak eta Mikel Oliberi txistulariak hartu dute parte.