Haurtzaro Ikastola, Bizitzarako Hezkuntza

Pertsona orok ba omen du besteekin bat egin eta enpatizatzeko alderdia. Haurtzaro Ikastolan ez dugu nahi gabe Bizitzarako Hezkuntza leloa hautatu. Horiexek dira egunerokoan txikienekin hasi eta, gazteenekin ere lantzen ditugunak: bizitzarako oinarriak.

Oraingo honetan, balio horietako asko lantzeko aitzakia izan da gizarte mailako afera, Beskoitzeko ikastola lurrik gabe utzi izana bertako herriko etxeak.

Lapurdiko 51 umeren euskaraz ikasteko oztopoaren gaia gelan agertu orduko, ekintzailetza eta eskuzabaltasun handia agertu zuten LH2. mailako haurrek. Izan ere, joan den asteburuan eltzeitsua eskutan hartu eta Doneztebe plazara hurbildu ziren 7 urteko ikasleak, erantzukizunez, ardura osoz, eta gaiarekiko maitasun handiz diru-pizar batzuk biltzeko asmotan. Gutunak idatzi zituzten lehenik, ez zuten dirutza jomugan, jendea sentiberatzea eta herritarren borondatea ikustea baizik. Haiek, egin zezaketenetik, keinua egin nahi zieten euskaraz beraiek bezainbeste eskubide dituzten beste umeei.

Baina hau ez da izan Haurtzaro Ikastolan Beskoitzeko familiei egin diegun eskaintza bakarra: LH etapako eta DBHko gaztetxoak ere euskaldunen komunitateko partaide sentitzen direlako, Gabonetan kantu kantari atera ginenean jasotako sosak ere lapurtarrentzat gorde ditugu. Urtetan diru-iturri hori Joxe Mari apaizari eman izan badiogu ere, aurten Beskoitzeko ikastolarentzat izatea adostu dute. Gauzak horrela, beste behin ere elkartasun handiarekin jokatuz, 1.284€ bidali ditugu, hango ikastolako umeek euskararen eta euskal kulturaren balioa lur berrian ereiten jarraitzeko.