Gabon Kantari 2024

Eguraldiak ez gaitu gelditu, eta Haurtzaroko Komunitateko kideok ez diogu hutsik egin gaurko hitzorduari.

Auzoz auzo ibili gara txokoak alaitzen, Petra Lekuona egoitza bisitatu dugu, eta komunitate osoa elkartu gara Landetxen. Bertan, Donibane Azkarate irakasleak sortutako bertsoak kantatu ditugu denok elkarrekin:

Negu gorria parean dugun
honetan ongi etorri!
Haurraren jolas,helduen kantu
ta aiton amonen irri
Ikastola GUk egiten dugu
hel diezaiogun horri
eta izaten jarrai dezagun
bidean dabilen harri!
Abenduko hotz hau laster baten
bihur dadin udaberri.

Elkar lagunduz ta elkar zainduz
jolas, kantu eta dantzan
Gabon oporrak ospatzen hasi
gara Landetxeko plazan
oporraldi bat,atsedentxo bat
jada beharrezkoa zan!
Baina segittun gara berriro
prest eguneroko martxan
hezkuntzatikan herri hobe bat
egiteko esperantzan.

Maitez euskara Bilbon Oionen
Tuteran edo Heletan
herri eginez Hendaian Maulen
edo Aretxabaletan
sendo sustraituz herrian bertan
Oiartzungo auzoetan
Kimu gazte ta berriak sortu
ditzagun ikasgeletan
gure haurrek kantuz segi dezaten
biharko ikastoletan.

Ondoren, Yon Oñatibia etorbidetik, plazara joan gara, Udalak egindako deialdiarekin bat eginez. Herrigintzan gaur ere. Han, Alaia Martin Gipuzkoako Bertsolari txapeldunak bertso bat eskaini digu, elkarrekin abestu dugu eta goxokiak jaso ditugu.

Ikusi irudi guztiak:

Eguberri on, opor zoriontsuak pasatu eta urte berri on!

gabon haurtzaro herrigintza kantari komunitatea