Beste behin, zein ederra izan zen gure komunitatearen eguna. Eguraldia izan genuen lagun, gainera, egun guztian zehar. Eskerrik asko denei!
08:00etako suziriarekin hasi genuen eguna. Horrekin, eta haur eta gazteek hain gustukoa duten ginkanarekin.
11:15ean eskolaz kanpoko ekintzen emanaldia izan genuen: bertsolariak, trikitilariak, pandero-joleak, zirko tailerra eta Euskal Dantza taldea. Une hunkigarrienetako bat orduan bizitu genuen. Izan ere, dantza taldeak omenalditxoa egin zion Lartaun Txistulari Taldeari. Beti alboan izateagatik eskerrak eta oroigarritxo bat jaso zuten txistulariek.
12:00etatik aurrera izan genuen ekitaldi ofiziala. Bigarren omenaldia Iñaki Uzkudunek jaso zuen, dagoeneko lehendakari ohia denak. Lorena Zalakain lehendakari berriak eta Aritz Gonzalez zuzendariak hitz ederrak eta lore sorta bat izan zituzten berarentzat.
Ikastolaren izenean Eskuttun taldeak eta Talde Berdeak ere jaso zuten gure esker ona.
DBH4 mailako ikasleen agurraren txanda izan zen gero. Ikastolak ikasleei eta ikasleek ikastolari.
Bazkaldu aurretiko azkeneko emanaldiak gimnastika erritmikoko eta akrobatikoko taldeen eskutik gozatu genituen.
Bazkaria etorri zen gero, DBH3. mailakoen saskien zozketak, bingoa…
Arratsaldean ere hainbat ekintzekin disfrutatu genuen: puzgarriak, haurrentzako tailerrak, Patxin eta Potxin pailazoak, dantza modernoa, zumba saio irekia… Azken omenaldia orduantxe izan genuen, hunkigarria hori ere. Ixia Oria monitoreak lore sorta ederra jaso zuen dantza modernoko ikasleen eskutik. Orain arte egindako lana eskertu zioten, baita guk ere ikastola gisa, eta aurrerantzean ere emango duena ere bai.
Eguna bukatzeko, 18:30ean buruhandiak izan genituen eta 19:00etan apar festa. Hori izan zen hori txikien gozamena!
Eta ezin ahaztu egun guztian zehar DBH3. mailakoen txosna. Bertan lanean aritu zineten gurasoak, txapeldunak! Zuei eskerrak beroa hobe jasan genuen!
Lerro hauetatik eskerrak eman nahi dizkizuegu ikastolako komunitatea osatzen duzuen eta parte hartu zenuten kide guztiei. Zuek gabe ezinezkoa litzateke horrelako egun bat antolatzea eta horrela gozatzea.
Hurrengo urtean gehiago!