Ikastolen aurkako beste eraso bat, oraingoan Nafarroan
Honezkero jakingo duzuenez, Nafarroako Hezkuntza Sailak 7 ikastolari Haur Hezkuntzako itunak ukatu edo murriztea erabaki du datozen 4 urteetarako. Kasu guztietan,duela lau urte Departamentu berdinak itunak esleitzeko erabili zituen irizpideak betetzen dituzten arren. Departamentuak irizpideak aldatzea erabaki du, alde bakarrez eta arbitrarioki. Azken 50 urteetan Nafarroako Gobernuak Ikastolen aurka hartu duen erabakirik gogorrena errealitate bihurtuz.
Horren aurrean Ikastolek gure esku dagoen guztia egingo dugu erabaki hau bertan behera geratu dadin eta atzerapauso hau ez dezan eman departamentuak. Bide juridikoa urratuko dugu, baina sozialki ere eztabaida kalera aterako dugu
Egoera hau salatu eta bidezkoa dena defendatzeko, Iruñean nafar asko bildu ziren asteazkenean, desadostasuna eta haserrea adierazteko, eta gure proiektua goratzeko. Aurrerantzean ere, mobilizazio berrietarako deiak egingo ditugu, beraz Euskal Herriko Ikastolen komunitate guztiari adi egoteko eta horietan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.
Ikastolak herritik sortu ginen eta herriarentzat ari gara lanean. Lehen egin izan dugun bezala, oraingoan ere, elkarrekin egingo diogu aurre egoerari.
Euskarazko hezkuntzaren alde, atzerapausorik ez!
BERRIA.EUS: Jaiotza tasaren beherakadari lotutako murrizketek Nafarroako ikastolei eman diete hozkada handiena
BERRIA.EUS: Ikastolek salatu dute ikasgelen murrizketa erabaki arbitrario eta politikoa dela