Ia 6.000€ Katxalin eta Izan Inurrirentzat

Haurtzaro Ikastolako LH6. mailako ikasleen elkartasun ekimena arrakastatsua izan da eta lortutako dirua eman diete elkarteetako arduradunei

Urtero, LH6. Mailako ikasleek, elkartasun ekimen bat jartzen dute martxan ebaluazio bukaerako diziplinarteko konpetentzian. Aurten, ikasleek hala erabakita, bularreko minbizia duten pertsonei laguntzen dieten Katxalin eta Izan Inurri elkarteak sostengatzea adostu zuten. Baita lortu ere.

Prozesuaren hasieran, bigarren ebaluazioan zehar, galdera hauen inguruan aritu ziren ikasleak lanean:

  • Hobetu dezakegu gure bizitza? Nola?
  • Hobetu dezakegu besteen bizitza? Nola?

Galdera horiei erantzuteko Euskal Herriko eta Saharako bizi baldintzak eta baliabideak ezagutu, aztertu eta konparatu zituzten, eta ondorioak atera.

Saharari buruzko informazioa jasotzeko “EL WATAN” SAHARAREN LAGUNEN OIARTZUNGO ELKARTEAren bisita izan zuten eta bere bitartez jakin zuten zein baldintzetan eta zein baliabiderekin bizi diren sahararrak. Lanketa horretan  besteengan pentsatzen eta beraien lekuan jartzen ikasi zuten.

Ondoren, ebaluazio bukaerako diziplinarteko konpetentzian elkartasun ekimen bat planifikatu eta kudeatu behar zuten, eta denon artean gauzatu.

Hasteko mailako bilera batean adostu zuten norentzat eta noizko prestatuko zuten ekimen hori. Horrez gain, zein ekintzen bitartez dirua lortu zehaztu zuten. Hiru hauek izan ziren aukeratutako ekintzak horiek: elkartasun azoka antolatzea, errifak saltzea eta ikastolako geletan eta herriko hainbat komertziotan eta tabernetan eltzeitsuak jartzea.

Hiru lan talde sortu zituzten, eta bakoitza nahi zuen taldean kokatu zen. Talde bakoitzak planifikatu eta antolatu zuen berari zegokion lana. Errifak saltzeko eta eltzeitsuak jasotzeko epe bat jarri zuten. Azoka, berriz, martxoaren 8an egin zuten Doneztebe plazan. Bertan, eskulanak eta  jateko goxoak saldu zituzten gehienbat. Oso arrakastatsua izan zen.

Katxalin eta Izan Inurri, ikastolan

Martxoaren 25ean, ostirala, Haurtzaro Ikastolan izan genituen Katxalin eta Izan Inurri elkarteetako ordezkariak. Ikasleek esplikatu zieten diru biltzeko 3 ekintza horiek nola planifikatu, antolatu eta kudeatu zituzten.

Elkarteetako ordezkariek, 5.932,69 euroko txekea jasotzeaz gain (ia 3.000 euro elkarte bakoitzarentzat), euren egitekoaren nondik norakoa azaldu zieten ikasleei. Ikasleek galdera asko egin zizkieten eta gustura erantzun zituzten, piztutako interesaz ohartuta.

Oso eskertuta agertu ziren ikasleek egindakoagatik: bai aurrez, bai topatu ziren egunean bertan izandako jarrera ikusita.

Bukaerako hausnarketa

Lerro hauek baliatuta, ikasleek eskerrak eman nahi dizkiete Tolare jatetxeari,  DIXIDU Diseinu Grafikoari eta  zuzenean edo zeharka proiektua aurrera eramaten lagundu duten pertsona guztiei.

Eta ohar garrantzitsu bat ere elkarbanatu nahi dute, egindako lanaren hausnarketa gisa: “Jakin ekimen hauekin ikasi dugula guk ere zerbait egin dezakegula besteei laguntzeko eta besteen bizitza hobetzeko”.