Nor gara?

1967ko urriaren 16an abiatu zen ikastola 16 ikaslerekin, elizaren babes juridikoa zuen Escuela Parroquial Aurtzaro izenarekin, 60.500 pezetetako aurrekontua zuela. Horrela, sorreraz geroztik, ikastolaren nortasun juridikoa elizari lotuta joan zen. 1981ean Aurtzaro Ikastolako Batzarrak Haurtzaro Kooperatiba bihurtzea erabaki zuen. 1993an Euskal Eskola Publikoaren Legeari buruzko hausnarketa etorri zen. Ikastolak bere izaera eta nortasunari eustearen aldeko apustua egin zuen batzarrak.

…Ikastola au iriki, iraun-azi, zabaldu ta azteko euskara maite dutenen laguntza behar dugu eta laguntza horren eske Oyartzungo erriari dei egiten diogu. Beste iñungo laguntzarik ez degun ezkero, ikastola ori aundi edo txiki, indartsu ala indar gabe ta aul izatea Oyartzuarren gain dago… zioen Haurtzaro Ikastola sortzeko asmoa agertzen zuen agiri publikoak.

Haurtzaro Ikastolako lehen gela 1970ean legeztatu zuten. Peña Gantxegi arkitektorak diseinatutako Ikastola Zaharra 1977ko irailean inauguratu zen eta Ikastola Berria 1986an. 1990ean portxeko gelak, frontoia eta jolaslekua prestatu ziren eta Batxilergo Bateratu Balioaniztuna BBBko lehen promozioa hasi zen lanean. Gero etorriko ziren jantoki berria (1993) eta jantokiaren handitze lanak (2006).

1992ko irailean, Haurtzarok 25 urte bete zituen urte berean, ikastolak Kilometroak 92 jaia prestatu zuen herri osoaren laguntza paregabearekin. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, sekulako arrakasta lortu zen. 2006an ikastolak berriro antolatu zuen ikastolen eta euskararen jaia den Kilometroak. Oraingoan bai, antolaketa egokiak, herriaren laguntza ezin hobeak eta eguraldi bikainak jaiaren arrakasta berretsi zuten.

Haurtzaro Ikastola 1967an sortu zen herri ekimenari esker, bokazio publikoarekin eta euskara eta euskal kulturarekin konprometituta. Bitarte luze horretan, guraso, langile (irakasle eta ez-irakasle), oiartzuar laguntzaile eta ikasle askoren lana eta parte-hartzea izan da ikastolaren benetako bultzatzaile eta eragilea. Gaur egun gurasoen eta langileen artean osatutako Herri Onurako Irakaskuntza Kooperatiba Bateratzailea (bertako partaideak gurasoak eta langileak baitira), eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteko partaide gara.

Haurtzaro Ikastola eratzen dugun guztion partaidetzan eta talde lanean oinarrituz, etengabeko hobekuntzaren bidez, nortasun propioa lortu nahi dugu. Haur eta gazte oiartzuarrak pertsona gisara hezten lagundu nahi ditugu, beren osotasunean, euskalduntasunean oinarrituz eta beste kulturak errespetatuz, naturarekiko adeitasuna sendotuz. Munduari begiratuko dieten ikasle euskaldunak, arduratsuak eta kritikoak formatu nahi ditugu.

Haurtzaro Ikastolaren hezkuntza proiektua bost zutabetan oinarritzen da:

1. Proiekzioa: heziketaren antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko egina dago.

2. Globaltasuna: ikastola osatzen duten oinarrizko elementuak uztartzen ditu.

3. Integrazioa: printzipioak, teoria eta praktika, irakaskuntza eta gizartea elkar lotzen ditu.

4. Errealismoa: egunerokotasunari aurre egiteko proiektua da, egunean-eguneko lana eta gure baliabideak kontuan hartuz egina.

5. Malgutasuna: hezkuntza bera prozesua dela ulertuz, gerora etor daitezkeen aldaketei irekia dago.