Eskolaz Kanpoko Ekintzak
Eskolaz Kanpoko Ekintzen eskaintza zabala eta anitza dugu ikastolan. Eremu ez formalean garatzen diren jarduerak dira eta bereziki garrantzitsuak, ikaslea motibatuta, gustura eta hunkituta dagoenean, hobeto barneratzen baititu jardueran ikasitakoak.
Garaiak eta ikasleen premiak aldatzen eta garatzen doazen arabera, aisialdiko eskaintzak ere aldaketak izaten ditu; lehen kultura eta kirol arloak bereizten genituen, baina gaur egun, teknologia ere bada jarduera hauen parte.
Kultur, kirol eta teknologia arloko 14 ekintza proposatzen ditugu Haurtzaro Ikastolan, haur bakoitzak bere gogoen eta gustuen arabera aukeratzeko, baina guztietan lantzen ditugu bizitzarako ezinbestekoak diren hainbat abilezia eta balore, besteak beste: jendaurrean komunikatzea, konpromisoa, sormena, teknologia berrien erabilerarako trebetasunak, psikomotrizitatea, antolaketa, trebetasun sozialak, iniziatiba hartzea, oreka, elkartasuna, pazientzia, enpatia, entzuten jakitea, talde-lana, herritartasuna…
Horiez gain, haurraren garapen osoan zehar eta autoestimu positiboan eragiten duten saioak ere badira.
Hezitzaile talde tituluduna eta egonkorra
Eskolaz Kanpoko Ekintzak gidatzen 40 hezitzaile gazte dabiltza. Hezitzaile taldea talde gaztea, iraunkorra eta tituluduna da. Egonkortasun horrek asko laguntzen du koordinazioan, baina garrantzitsuena ez da hori; garrantzitsuena da guztiek ilusio handiarekin egiten dutela lan, haurrak maite dituztela eta haurrentzat hurbileko erreferentzia direla. Ikasleak ere oso gustura dabiltza, eta horren adibide da ikasturtero partaide kopurua handituz doala.
2024-2025 ikasturteko eskaintza
Pixkanaka eskaintza zabaltzen ari gara eta ikasleei aukera berriak eta ekintza berriak eskaintzen. Zailtasunik handiena instalazioena da, gelen premia nabaria da.
Ikasturte honetan martxan jarritakoak, oraingoz, hauek dira:
Kultura arloko ekintzak
- Sorgin eta Aztien Heltzea
- Eskulanak
- Dantza Modernoa
- Bertsolaritza
- Euskal Dantzak
- Musikart
- Antzerkia
- Gitarra
- Trikitia eta panderoa
Teknologia arloko ekintzak
10. Mekanografia
11. Robotika
Kirol arloko ekintzak
12. Xakea
13. Eskola Kirola
14. Atletismoa
24-25 ikasturte honetan ekintza horietan guztietan parte hartzen ari diren ikasle kopurua 460koa da, gutxi gorabehera.
Hainbat emanaldi ikasturtean zehar
Astetik astera gelan edo saioetan ikasitakoa baloratzeko, egindako bideaz jabetzeko eta aurrera jarraitzeko gogoa eta ilusioa mantentzeko, oso garrantzitsua da entseguetan egiten dena jendaurrean erakustea. Haurrarentzat oso bizipen garrantzitsuak dira, maiz oroitzapenetan geratzen diren horietakoak. Une horietan talde lanaren balioa indartu egiten da, urduritasunak kontrolatzen ikasten da eta ongi egindako lanaren satisfazioa handitzen da.
Ikasturte osoan zehar sortzen zaizkigun aukera guztiak baliatzen ditugu jendaurreko saioak egiteko, hala nola: herrian antolatzen diren jaiak, ikastolak berak antolatzen dituenak, puntualki jasotzen ditugun gonbidapenak, Haurtzaro Dantza Taldeak ikasturte osoan zehar egiten dituen emanaldiak, herrian eta herritik kanpo (Dantzari Txiki Egunak, herriko jaiak, auzoetako jaiak esate baterako), eta asteroko Eskola Kiroleko jardunaldiak eta atletismoko frogak.
Ikasturteko unerik gogoangarrienetakoak ekainean izaten dira. Ikasturte amaieran, gaur egun Landetxe auditoriumean egiten diren antzerki eta musika emanaldiak izaten dira, baita bi urtean behingo Haurtzaro Dantza Taldearen emanaldia ere, eta Ikastola Egunean Eskolaz Kanpoko Ekintza askoren erakustaldiak egiten ditugu.