Orientazio Departamentua

2-16 oinarrizko heziketa garaian, ikaslea bere osotasunean ulertzen dugu: garatzen ari den pertsona, hezten ari dena. Ikuspegi globalarekin lan egiten dugu eta etapa guztietan lantzen ditugu ondorengo gaitasun eta baloreak:

Aniztasuna

Gure gizartea anitza da, gu ere hala gara, eta aniztasunak gero eta ertz gehiago ditu: familia eredu desberdinak, urritasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonak, baliabide ekonomiko desberdinetakoak, hainbat jatorritako etorkinak eta atzerritarrak, ideologia eta sinesmen desberdinak, identitate ezberdineko pertsonak… Aniztasun hori gizartean dago, eta horren isla ikastolan.

Aniztasunak ikastolako bizitza eta jarduerak kolorez betetzen ditu, denak desberdinak, baina, aldi berean, berdinak garela agerian jarriz; hau da, elkartzen gaituena urruntzen gaituena baino gehiago dela ikusaraziz.

Hauxe da Haurtzaro Ikastolan eskola komunitate bezala landu nahi duguna: norbera den bezalakoa izanik ere, besteekin elkartzen gaituzten alderdiak gehiago dira urruntzen gaituztenak baino, eta norberak bere ezaugarriak ezagutu eta errespetatu behar ditu, bestearenak ere errespetatu ahal izateko.

Erronka handia bada ere, gure bideak hortik joan behar duela sinesten dugu. Horretarako, eguneroko jardueran (jarduera curricularretan) zehar-lerro bezala lantzen ditugu aniztasuna eta bizikidetza. Era berean, ezkutuko curriculumean, hau da, gure eguneroko portaeran, desberdintasunarekiko, norberak bezala pentsatu eta egiten ez dutenekiko errespetuzko jarrera lantzen dugu.

Balore horiek garatzeko maila desberdinetako esku-hartzeak eta baliabideak ditugu, arruntenetik hasi eta berariazkoenetarikoetaraino.

Gela Arrunta

Alde batetik, gure curriculum proiektuan oinarritutako ikas materialaren bidez, hezkuntza konpetentziak, jarrerak eta portaerak ikasle guztiekin lantzen ditugu.

Bestetik, gelako eta inguruko aniztasun horrek aukera ematen digu tutoretzako saioetan hori ere lantzeko, balioen lanketarekin uztartuz. Etapa bakoitzean zer eta nola landu Etapako Tutoretza Ekintza Planean zehaztua dugu.

Horrez gain, gurasoekin egiten ditugun bileretan, ikasle bakoitzari dagozkion aniztasun eta berezitasun horiek lantzen ditugu.

Aniztasuna geletan agertzen denez, lehenengo interbentzio-maila tutoreek eta irakasle taldeak bideratzen dute: gela barruan, eta egoeraren baitan. Ikasle bakoitzari egokitutako Hezkuntza Indartze Banakako Plana (HIBP) idazten dugu, gurasoei aurkeztu eta elkarlanerako adostasunak jaso. Bestalde, Lehen Hezkuntzako etapan astean behin errefortzuko klaseak eskaintzen ditugu, eskola ordutegitik kanpo.

Etorkin berantiarrekin euskara errefortzu saioak eta egokitzapen curricularrak ere bideratzen ditugu, ikaslearen beharretara ahalik eta gehien egokituz.

Hezkuntza Premia Berezietako gela

Eguneroko ikasgela inklusioa lortzeko lekurik aproposena da, baina zenbait ikasleren premiak asetzeko gela arruntetik at lanketa berezia egiten dugu. Ikasle bakoitzari, bere beharrak kontuan hartuz, dagokion programazioa egiten diogu.

Kanpoko zerbitzuak 

Eskualdeko Berritzeguneak, eskualdeko Pedagogia Aholkularitza Taldeak, besteren artean, hainbat alorretako aholkularitza eskaintzen digu: adibidez, Berritzeguneko talde multiprofesionalarena. Talde honek ikasleen jarraipena eta aholkularitza du helburu, eta honen barnean logopeda, CRI, ergoterapia eta fisioterapia eskaintza sartzen dira, besteak beste.

Udal zerbitzuak

Aniztasuna kontuan hartuta, Oiartzungo Udal Ongizate Zerbitzuarekin elkarlana bideratzen dugu, baita Udaleko Euskara Sailarekin ere.

Errekurtso hauen guztien kudeaketarako hainbat baliabide pertsonal ditugu: hezkuntza laguntzaile espezialistak, laguntza irakasleak, euskara irakasleak, Orientazio Departamentuko orientatzailea, aholkularia, PT-ak…Orientazio Departamentuko profesionalek, kasuan kasuko partaideekin errekurtso hauen kudeaketan parte hartzeaz gain, ikasleek ikaskuntza prozesuan izan ditzaketen zailtasunei eta beharrei erantzuna emateko beharrezko baliabideen kudeaketak eta esku-hartzeak diseinatzen dituzte. Era berean, gurasoen eta irakasleen eskaeren arabera, hauei erantzun eta kasuan kasuko aholkularitza bideratzen dute.

Helburu nagusia da: ikasleek ikasketa prozesuan izan ditzaketen zailtasunei eta beharrei erantzuna emateko beharrezko baliabideak kudeatzea eta esku-hartzeak diseinatzea, oinarrizko konpetentziak ahalik eta gehien garatzeko. Beti ere, tutorearekin, arloko irakaslearekin, Zuzendaritza Taldearekin eta gurasoekin lan koordinatua aurrera eramanez.

ORIENTAZIO DEPARTAMENTUA
orientazioa@haurtzaro.ikastola.eus

HH ETA LH AHOLKULARIA
Nekane Orkaizagirre
norkaizagirre@haurtzaro.ikastola.eus

DBH ORIENTATZAILEA
Tamara Yaoska Sastre
tsastre@haurtzaro.ikastola.eus

LAGUNTZA BEREZIKO IRAKASLEA

Pili Lizaso
pilizaso@haurtzaro.ikastola.eus

HEZKUNTZA LAGUNTZAILEAK

Ainhoa Jauregi
aijauregi@haurtzaro.ikastola.eus

Ugaitz Susperregi
ususperregi@haurtzaro.ikastola.eus

Lorea Añorga
lanorga@haurtzaro.ikastola.eus