Orientazio Departamentua
2-16 oinarrizko heziketa garaian, ikaslea bere osotasunean ulertzen dugu: garatzen ari den pertsona, hezten ari dena. Ikuspegi globalarekin lan egiten dugu eta etapa guztietan lantzen ditugu ondorengo gaitasun eta baloreak:
Aniztasuna
Gure gizartea anitza da, gu ere hala gara, eta aniztasunak gero eta ertz gehiago ditu: familia eredu desberdinak, urritasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonak, baliabide ekonomiko desberdinetakoak, hainbat jatorritako etorkinak eta atzerritarrak, ideologia eta sinesmen desberdinak, identitate ezberdineko pertsonak… Aniztasun hori gizartean dago, eta horren isla dira gure ikasgelak ere.
Aniztasunak ikastolako bizitza eta jarduerak kolorez betetzen ditu, denak desberdinak, baina, aldi berean, eskubideetan eta betebeharretan berdinak garela agerian jarriz; hau da, elkartzen gaituena urruntzen gaituena baino gehiago dela ikusaraziz. Hauxe da Haurtzaro Ikastolan eskola komunitate bezala landu nahi duguna, norberak bere ezaugarriak ezagutzea eta errespetatzea, bestearenak ere errespeta ditzan.
Erronka handia bada ere, gure bideak hortik joan behar duela sinesten dugu. Horretarako, eguneroko jardueran zehar-lerro bezala lantzen ditugu aniztasuna eta bizikidetza. Era berean, ezkutuko curriculumean, hau da, gure eguneroko portaeran, desberdintasunarekiko, norberak bezala pentsatu eta egiten ez dutenekiko errespetuzko jarrera lantzen dugu.
Balio horiek garatzeko maila desberdinetako esku-hartzeak eta baliabideak ditugu, arruntenetik hasi eta ez ohikoetaraino.
Alde batetik, gure curriculum proiektuan oinarritutako ikas materialaren bidez, hezkuntza konpetentziak eta konpetentzia metadisziplinarrak ikasle guztiekin lantzen ditugu.
Gelako eta inguruko aniztasunak aukera ematen digu tutoretzako saioetan hori ere lantzeko, balioen lanketarekin uztartuz. Etapa bakoitzean zer eta nola landu Etapako Tutoretza Ekintza Planean zehaztua dugu.
Horrez gain, gurasoekin egiten ditugun bileretan, elkarlanean, ikasleari dagozkion premiei erantzuten diegu.
Ikaslearen edozein premiari erantzuteko ikasturtean zehar premiaren baitako Jarduera Plan Pertsonalizatuak (JPP) idazten ditugu, gurasoei aurkeztu eta elkarlanerako adostasunak jasoz. Horrez gain, Lehen Hezkuntzako etapan errefortzu saioak eskaintzen ditugu eskola ordutegitik kanpo, baita DBHn ere.
Etorkin berantiarrekin AEK-rekin eta Oiartzungo Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean euskara errefortzu saioak bideratzen ditugu. Bestalde, egokitzapen kurrikularrak idatziz jasotzen ditugu, ikaslearen beharretara ahalik eta gehien egokituz.
Hainbat ikasleren premia zehatzei erantzuteko ez ohiko baliabideak ere bideratzen ditugu. Ikasle hauen kasuan, eskualdeko Berritzeguneko arduradunaren oniritzia derrigorrezkoa da, baita gurasoena ere.
Haurtzaro Ikastolako Orientazio Departamentuko kideak, eskualdeko Berritzegunearekin (ergoterapeuta, CRI, fisioterapeuta, EPI…), Ikastolen Elkarteko Orientazio Mintegiko lantaldearekin, Udal Ongizate Zerbitzuarekin eta kanpoko profesionalekin elkarlanean jarduten dugu, ikasleen premiei ahalik eta egokien erantzuteko.
Ikasleen premiei erantzuteko honako baliabide pertsonalak ditugu: hezkuntza laguntzaile espezialistak, Orientazio Departamentuko orientatzailea, aholkularia, PT-ak, kanpoko espezialistak…