Azaroko keinua: zabor gutxiago sortu eta ongi kudeatu

KEINUA: Ikastolara hamaiketakoa edo merienda ekartzerakoan, ahal den zabor gutxiena sortzeko, ontzi berrerabilgarriak erabili. Eta zaborra sortzen dugunean, ongi sailkatu!

Argi dago zabor asko sortzen dugula gure egunerokoan, eta plastikoaren kudeaketa arazo larria bihurtzen ari dela. Zenbakiak beldurgarriak dira: Oiartzunen urtean pertsonako 40,6 kilo plastiko hondakin sortzen dira gutxi gorabehera. Gainera, zenbait plastikozko material oso denbora gutxian erabiltzen dira. Adibidez, plastikozko poltsak 12 minutuz erabiltzen dira, batez beste, baina desegiteko 10-1.000 urte bitartean behar dira.

Zer gertatzen da plastikoarekin guk erabili ondoren?

Zoritxarrez, sortzen den plastikoaren %35 bakarrik birziklatzen da. Beraz, oso garrantzitsua da nork bere hondakinak ongi sailkatzea.

Gainerakoa, erabiltzen dugun plastikoaren %65, gure artean barreiatua dago, batez ere, itsasoan. Gure itsasoetan dagoen plastiko kopurua handia da; Frantziaren tamainako zabor uharteak daude ozeanoetan.  Baleek, dortokek, itsas txakurrek irentsi egiten dituzte plastiko handiak janaria direlakoan, eta ito egiten dira. Horrez gain, itsas hondoan pilatutako plastikoek bertan bizi beharreko alga eta landareei hazkundea galarazten diete.

Hala ere, plastiko handiak errazak dira topatzen. Okerrena plastiko txikiak, mikroplastikoak, dira.

Plastikoa degradatu egiten da, eta zati txikiagoetan zatitu, mikroplastikoak sortuz. Mikroplastikoak ikusezinak dira guretzat, baina egon badaude, eta horiek kate trofikora eta ozeano hondora igarotzen dira. Beraz, kaltegarriak dira ingurumenerako, naturarako, baita gizakien osasunerako ere.

Horregatik Talde Berdeko kideok animatzen zaituztegu zuen egunerokoan ahal duzuen zabor gutxiena sortzera. Adibidez: ikastolara hamaiketakoa edota merienda ekartzerakoan ontzi berrerabilgarriak erabiltzera. Eta zaborra sortzen duzuenean ongi sailkatzera.

Xumea irudituagatik, ekintza bakar bat ere ez da alferrikakoa.

MIKROPLASTIKOEI buruzko informazio gehiago:

azaroa berdea keinua talde zabor zero