HEZKUNTZA PROIEKTU INTEGRALA
Pedagogia eraldatzailea
0-18 hezkuntza-proiektu propio berritzaile eta eraldatzailea
Hezkuntza ezinbesteko tresna da egungo zein etorkizuneko jendartea eraikitzeko. Ikastolen Elkarteko ikas-material propioak eta korronte pedagogiko berriak aztertu, hausnartu, Ikastolaren behar eta errealitatera egokitu eta abian jartzeko ahalegin etengabearen fruitua da Haurtzaro Ikastolaren hezkuntza-proiektu berritzaile eta eraldatzailea. Proiektu propioa, haur eta gaztetxoen ongizatea oinarri eta autonomia helburu dituena.
Bizitzarako Hezkuntza
Ikaslearen beharretatik, nahietatik, gustuetatik, jakin-minetik abiatuta egiten da lan Haurtzaro Ikastolan. Finean, haurraren senetik eta erritmotik abiatuta: bera da bere bizitzako protagonista, Ikastola bere bidelagun da. Konfiantzaren eta integrazioaren pedagogia abiapuntu, beste zenbait korronte ere kontuan hartuta, haurra proiektu eta prozesuaren erdigunean jartzea da xedea.
hEGIN proiektua
Lehen Hezkuntza
Konpetentzietan oinarrituta egiten da lan Haurtzaro Ikastolan. Jakitearen paradigmatik egitearen, erabiltzearen, paradigmara egin da jauzia. Izan ere, Ikastolaren egitekoa ez da irakastea soilik, pertsona osoaren garapenaz arduratzea baizik. Haurraren alderdi fisikoa, kognitiboa, komunikatiboa, soziala eta afektiboa izaten dira kontuan Haurtzaro Ikastolan. Finean, gaztetxoak bizitza osoan ikasten jarraitzeko prestatzen dira, aurrera egiten ikasteko.
EKI proiektua
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
Konpetentziak lantzen jarraitzen da bigarren hezkuntzan ere, DBHn eta batxilergoan. Horretarako, EKI proiektu berritzailean oinarritzen da Haurtzaro Ikastolaren lana. Ikastolek berariaz sortu eta garatutako proiektua da EKI, konpetentzietan oinarritua eta integrazioaren bitartez Euskal Curriculuma garatzen duena. EKI proiektuak pertsonaren garapen osoa eta integrala du helburu. Egoera errealen aurrean, ikasleak egoera horretan behar dituzten baliabideak bilatzen eta erabiltzen ohitzen dira, bakarrik nahiz talde-lanean, irtenbideak aurkitzen dituzte, eta ikasi dutena egoera berrietan baliatzen dute.
PERTSONA EREDUA
Ikastolaldia bukatzean, bere bizitzako edozein egoerari erantzuteko gaitasuna izango duen pertsona euskaldun, konprometitu libre eta zoriontsuaren bidaide izan nahi du Haurtzaro Ikastolak.