Lesboseko errefuxiatuen aldeko azoka solidarioa

Ederra izan da Lesboseko errefuxiatuen alde egin dugun azoka solidarioaren prozesu osoa. ZAPOREAK elkarteari emateko dirua biltzea zen helburu nagusia, errefuxiatuei ura eta janaria banatzen jarraitu dezaten, eta oso oso gustura gelditu gara bildutakoarekin, baina bidean bizitutako eta ikasitako guztia ere ez dugu erraz ahaztuko. 
Telebistako berrietan ikusi genuen Lesboseko errefuxiatuen kanpalekuan sute bat egon zela. Lehenago ere egoera gogorra bazen, suteak okertu egin zuen. Eta horren inguruan hausnarketa luzeak izan genituen ikasturteko lehenengo asteetan. Guk ere lagundu egin nahi genuen, gure aletxoa jarri, eta dirua lortzeko bideetan pentsatzen hasi ginen. 
Hasiera batean Iturriozko taldetxo batek auzoan denda bat jarri zuen, horretarako elkarrekin sortutako eskulan desberdinekin. Baina pauso bat gehiago eman nahi izan genuen eta maila osoak antolatutako azoka solidario bat antolatzea pentsatu genuen, herriko plazan. Amets Arzallus MINAN liburua aurkeztera zetorrela aprobetxatuz, urriaren 1a aukeratu genuen azoka egiteko eguna. Eta martxan jarri ginen.

Ezer baino lehen, Udalera joan eta alkateordearekin hitz egin genuen, azoka egiteko beharrezkoa den eskaera orria bete eta sei mahai eskatzeko. Udalak eskaera onartu eta baimena eman zigunez, azokan saltzeko moduko eskulan desberdinak egiten hasi ginen: liburuetarako orri aurkitzaileak, eskuz egindako jostailuak, pultserak, kuadernoak, eskuz jositako apaingarriak… Familiko edo gertuko kideen aldetik ere gauza asko jaso genituen: poltsak, karterak, kamixetak, brotxeak, artelanak, jostailuak, mermelada, pastak… Egun intentsuak eta emozioz betetakoak izan ziren azoka aurreko egun haiek. 

Bitartean, gainera, kartelak ere prestatu genituen, batzuk azokaren berri emateko eta, beste batzuk, azokan bertan jartzeko. Baita pankarta nagusia izango zena ere. Eltzeitsuak ere eskuz egin genituen, eta horietako bat Ikastolako idazkaritzan jarri genuen hasieratik. Kartelak Ikastolan barrena jarri, langile eta guraso guztiei mezua bidali eta irratira ere hurbildu ginen, gure asmoen berri eman eta zabaltzen lagundu ziezaguten. Azokaren prestaketarekin amaitzeko, duela urte batzuk martxan jarri zen PAPEREZKO AMETSAK proiektuan parte hartu zuten zenbait ikaslerekin bildu ginen, gaur egun DBH 2 eta 3. mailatan daudenak. Haiek liburu asko bildu zituzten eta baita dirua ere, oraindik erabat gastatu ez dutena. Eta, gure proiektuarekin bat eginez, haien liburuak (Laboren daudenak) azokan saltzeko aukeraz gain, diruaren zati bat ere eskaini ziguten: 250 euro. Ze poza! LABOREra joan, bigarren solairuko liburutegitik liburu batzuk hartu eta azoka eder bat jartzeko moduan geunden jada. 

Baina, ZAPOREAK elkarteak egiten duen lana hobeto ulertu eta gure azokari zentzua ematen bukatzeko, Josu Arotzena elkarteko kidearen bixita ere izan genuen, azokaren egunean bertan. Interesgarria bezain hunkigarria izan zen aurkezpena; asko ikasi genuen eta gure azokak zuen garrantzia argiago ikusi genuen oraindik. Josu Lesboseko kanpalekuetan egona da, eta bera entzunda ia-ia bertan egon bagina bezala sentitu ginen besteok ere.   Eta iritsi zen azokaren momentua. Horretarako aurretik antolatuta genituen txandak errespetatuz, talde bakoitzak fin-fin bete zuen bere lana: batzuek azoka prestatu, beste batzuk salmentan aritu eta azkenekoek saldu eta jaso. Jende asko hurbildu zen azokara: ikasleak, gurasoak, familiako kideak, lagunak, herritarrak… eta baita Amets Arzallus bera ere! Lan handia egin genuen, baina oso gustura; helburua zein zen jakinda eta plazan sortu genuen mugimendua ikusita, harro egoteko moduan geunden. Gure txikitasunean, handia izan zen lortu genuena!
https://www.youtube.com/embed/3wblYnsboMA

Baina, noski, proiektua borobildu eta bukatzea geratzen zitzaigun oraindik. Bezperako emozioak oraindik airean, eltzeitsuak lau geletan banatu eta lortutakoa kalkulatzeari ekin genion, inoiz egin ditugun batuketa, kenketa eta biderketa hunkigarrienen bidez. Burua estutu behar izan genuen, baina lortu genuen azkenean: 1.951,72€. Dendan bertan 1.576,72€ lortu genituen, baina kopuru horri idazkaritzako eltzeitsukoa, Iturriozko hasierako denda txikikoa eta Paperezko Ametsak proiektuko gazteek emandakoa gehitu genion. Eta, errefuxiatuek laguntza behar izaten jarraituko dutela jakitun baina egindakoarekin gustura, Josuri diru guzti hori entregatu genion. 

Bukatzeko, bide osoan zehar lagundu diguten guztiei eskerrak emateko gutunak idatzi genituen eta banan bana entregatzera joan. Lerro hauek ere horretarako apobetxatu nahi ditugu: eskerrik asko, bihotz-bihotzez, modu batera edo bestera lagundu diguzuen guztiei. 4. mailako ikasleok, baina bereziki Lesbosen egoera krudela pairatzen ari diren errefuxiatuak, oso eskertuta gaude egin duzuen guztiarekin. Dirua lortzeko asmoarekin hasi genuen bidea, baina maitasuna, eskuzabaltasuna eta enpatia gehiago bildu dugu azkenean. Horregatik, Zaporeak elkartearen izenean Lesboseko “sukaldetik” jaso dugun bideo eder hau, zuena ere bada.