Azken egunetan Urretxindorra eta Azkue Ikastoletan gertatutako jarrera matxisten inguruan egin diren salaketei zilegitasun guztia ematen diegu eta Ikasle hauen segurtasuna eta ongizatea da gure lehentasuna.
Ikastolen Elkartetik, argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako erasorik, jazarpenik edo biolentziarik onartzen, ezta onartuko ere gure ikastoletan. Gure ikasleen, eta emakumezko ororen duintasunaren eta errespetuaren aurka doan edozein jokabide guztiz onartezina da.
Azpimarratu nahi dugu indarkeria hori ez da ekintza isolatu bat, gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizituen, mezu normalizatuen eta sinbolikoen sare bat baizik, emakumeek gizonekiko duten menpekontasunari eusteko eta indarrean dagoen sistema heteropatriarkalak ezarritako mugak urratzen dituen gorputz, eredu edota portaerarik ez izateko.
Urrentxindorra Ikastolako emakumezko ikasle talde batek eta Lekeitio ikastolako ikasle ohi batek egindako salaketa publikoei dagokionez, Ikastolen Elkarteak salatutako gertaerak irmoki salatzen ditugula adierazi nahi dugu salaketa hauei zilegitasun guztia ematen diegula argi utzi.
Ikasle hauen segurtasuna eta ongizatea da gure lehentasuna eta Ikastola hauek egoeren berri izan bezain pronto neurriak hartu dituztela berretsi nahi dugu. Beti ere, emakume hauen eskubideak eta ongizatea babesteko.
Bestalde, argi utzi nahi dugu Ikastolen Elkarteak eta hau osatzen duten ikastolek protokolo zehatz bat dugula emakumeen aurkako eraso, jazarpen edo biolentziaren aurrean. Halako egoerak antzematen ditugun kasu guztietan, salaketa egon ala ez, Ikastolok neurri zorrotz eta zehatzak hartzen ditugu ikastola komunitatea osatzen duten emakume guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko. Hori horrela, erasoa jasan dutenei, beraiek hala nahi badute, ongizate emozionalerako zein beharrezkoak diren prozeduretan laguntzeko baliabideak eskainiko dizkiogu.
Era berean, emakume hauekiko, eta haien familiekiko eta inguruekiko babesa eta hurbiltasuna adierazi nahi dugu. Emakumeentzako hezkuntza ingurune seguru eta edozein eraso-motatik libre mantentzeko konpromisoa eta neurriak hartu ditugula berresten dugu.
Bestalde, Ikastoletan edonolako jazarpen edo eraso mota jasan duten pertsonei, edo jokabide desegoki baten lekuko izan direnei, beraien ikastoletako Zuzendaritza organoekin edo Ikastolen Elkartearekin berehala harremanetan jartzeko deia egiten diegu. Jazarpeneko, indarkeriako edo diskriminazioko edozein egoeraren berri emateko idatzi, salaketak@ehi.ikastola.eus helbide elektronikora. Salaketa horiek ahalik eta azkarren erantzungo dira. Gure ikasleen babesa gure lehentasuna da, eta haien ongizatea eta segurtasuna bermatzeko beharrezko baliabide guztiak jartzen ditugu. Errespetuan, berdintasunean, eta askatasunean oinarritutako hezkuntzaren aldeko konpromisoa berresten dugu, eta halako gertakariak berriro ez errepikatzeko beharrezko neurri guztiak aurrera eramateko konpromisoa. Indarkeria matxista eta homofoboa emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpenik bortitzena da, eta komunitate gisa beste behin ere indarkeria mota honen aurkako jarrera adierazi nahi du Ikastolen Elkarteak.
Elkartasuna eta aitortza
Bukatzeko, Ikastolen Elkartetik gure elkartasun eta laguntza osoa helarazi nahi diegu bai Azkue Ikastolari bai Urrentxindorra Ikastolari. Aitortza berezia ere egin nahiko genuke gertaera hauek kudeatzeko erakutsitako ardura eta zorroztasunagatik. Beren jardunari esker, ikasleen segurtasuna eta ongizatea lehenetsi dira uneoro.
Era berean, eskertu eta aitortu nahi dugu ikastoletan hezkuntza-komunitatearen zaintzan egiten den lan pedagogikoa eta horrelako egoeren aurrean erakutsitako konpromisoa. Ikastolekin elkarlanean jarraituko dugu gure komunitatean segurtasuna, errespetua eta justizia bermatzen jarraitzeko.
Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseilua