HH Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 3-6 urte
HH 1. zikloko proiektuaren ildoari jarraituz, HH 2. zikloan Ikastolen Elkarteko hIZAN proiektua oinarritzat hartuta, Haurtzaro Ikastolan gure proiektu propioa lantzen eta gauzatzen ari gara.
Proiektu bizia da.
hIZAN proiektuan, haurra da bere ikasketen protagonista. Bere garapen erritmoa errespetatuz, berezko garapen ahalmenetan konfiantza adieraziz eta ziurtasun fisiko eta emozionala bermatuz, haurrak osasuntsu garatzeko heldua bidelagun izango du. Bere gogo, plazer, interes eta beharrizanetatik abiatuta, burutzen dituen jarduera eta ekintza autonomoak izango dira haurraren ikaskuntza, eta garapen psikomotor, afektibo, sozial zein kognitiborako oinarri.
Gure eguneroko jardunean, zirkulazio autonomoak indar handia hartzen du. Zirkulazio autonomoan, haurrak aurrez diseinatutako testuinguru seguru, argi, esanguratsu eta aberats baten baitan, modu librean gune batetik bestera mugitzeko aukera izango du. Bestalde, momentu hori izango da gune bakoitzean dauden material edo gonbitetan oinarrituz, ingurukoekin elkarreraginean, jolas autonomo eta espontaneoa garatzeko aukera emango diona.
Ahozkotasunean oinarritzen den Kuku emozio programa ere txertatzen ari gara. Emozio programa honen helburua da, norbere emozioak ezagutzea, adieraztea eta kudeatzen ikastea.
Honez gain, psikomotrizitate saioek ere presentzia handia dute gure ikastolan. Psikomotrizitateak haurrari bere nahi eta desirekin konektatzen laguntzen dio. Jolasean bizitzen duen plazerak zein kideekin bizitzen duen plazer partekatuak bere identitatea eraikitzen laguntzen dio. Den bezalakoa, une horretan dagoen bezala azaltzen da haurra psikomotrizitate saioetan eta den hori askatu dezake (suntsitu dezake, bota dezake, nahastu dezake, bultza dezake… erruduntasunik sentitu gabe) minik eman gabe eta minik hartu gabe. Bere buruaren zaintzatik eta kideen zaintzatik. Hori da psikomotrizitate saioetako arau nagusia.
Hori dena lortu ahal izateko JOLASA ezinbestekoa da Haur Hezkuntzan. Izan ere, jolasa ikaslearen garapen osasuntsuaren giltza da.
Bizitzako arazo edo erronkei eraginkortasunez erantzun ahal izateko, haurrak funtsezko konpetentziak eskuratzea ezinbestekoa da. Gainera, Iparraldeko, Nafarroako eta EAEko ikastolok Europako Markoaren baitan horiek definitzeko bidean jarrita gaude. Bien bitartean, oraindik ere, gure etapan oinarrizko 5 konpetentzien arabera ebaluatuko dugu gure ikasleen garapena:
- Norbera izaten ikasi: norberaren gorputza eta gorputzaren aukerak ezagutzea, norberaren nortasuna onartzea eta norberaren irudi positiboa eratzea. Emozioak identifikatzea eta erregulatzea. Pixkanaka autonomia eta erantzukizun-ohiturak hartzea.
- Elkarrekin bizitzen ikasi: norberaren eta besteen pertzepzioa garatzea. Errespetuan, aniztasunean oinarritutako harremanak sustatzea. Gatazken kudeaketa baketsua eta taldeekiko lankidetzan, oinarrizko gizarte-trebetasunak garatzea.
- Komunikatzen ikasi: begiradak, mugimendua, sentimenduak, hau da, hitzik gabeko komunikaziotik hitzen bidezko komunikazioa lortzea. Haurrak komunikatzeko lengoaia mota ezberdinak erabiltzea (musikala, plastikoa,…) bere emozioak, nahiak, ideiak, oroitzapenak eta ezagutzak adierazteko.
- Ikasten eta pentsatzen ikasi: ulermenean oinarritutako pentsamendua garatzea. Hau da, informazioa lortu ( behatuz, galdetuz, esperimentatuz…), jasotakoa ezagutza bihurtu eta beste egoera batzuetara transferitzeko gai izatea. Horrekin batera, haurra pentsamendu sortzailea eta kritikoa garatzen joango da, erabakiak hartu ahal izateko.
- Egiten eta ekiten ikasi: ingurune desberdinak behatzea eta aztertzea, jakin-minezko eta errespetuzko jarrerarekin. Esperimentatzea, galderak egitea, hipotesiak egiaztatzea eta planifikatzea. Eguneroko bizitzako egoerei aurre egiteko ekimena erakustea, alternatibak bilatuz.
Aurrez aipatutako haurra ulertzeko modua aintzat hartuta, gure eginkizuna ikastola haurraren ongizate-testuingurua ziurtatzea da. Horretarako, hainbat alderdi kontuan hartzen ditugu:
- Konfiantza eta segurtasuna: konfiantzaz begiratzen dugu pertsona; bere gaitasun, zailtasun eta ametsak errespetatuz garapen osasuntsu bat izan dezan.
- Espazioak eta materialak: haurren beharrei erantzunez espazio aberatsak eta askotarikoak eskaintzen ditugu, haur bakoitzak bere ibilbide propioa egin dezan. Horretarako, sormena bultzatzen duten materialak erabiltzen ditugu. Honez gain, kanpo espazioarekin lotura zuzena dugu.
- Euskara garatzeko edo garatzen hasteko testuinguru eta esku-hartzeak.
- Bazkaltzeko eta lotarako momentua (irakaslea eta begiralearen artean etengabeko koordinazioa).
- Irakaslearen profila eta irakasleen arteko koordinazioa.
- Familiekin harremana, elkarlana.