Ez zaituzteGU bakarrik utziko!
Haurtzaro ikastolako 815 ikasleak kalera atera dira urtero bezala Gabon egunean. Ez dira bakarrik atera, haien gurasoak, aitona-amonak, irakasleak eta tutoreak ere hantxe egon dira Eguberri kantak abesten. Egun handia da Haurtzarorentzat, komunitate osoa elkartzen den egun horietako bat baita. Jendetza batu da herriko txoko guztietara iritsiz. Txikienak Elizalden aritu dira; nerabeek Gurutzetik herrirako ibilbidea egin dute, eta Petra Lekuonako egoiliarrak ere kantuan jarri dituzte; beste batzuk Ugaldetxo inguruan; Iturriotzera ere ailegatu da tropelaren zati handi bat; eta Altzibarreko kaleetan barrena intonatutako hainbat doinu ere entzun dituzte. Bertan, Anixetako Mari Joseren kroketak dastatu dituzte, aspaldi hasitako ohitura ongi zaintzen baitu Mari Jose Egiazabalek.
Baina aurten, ardura berezia zuen Haurtzaro ikastolak: Beskoitzeko ikastolaren aldeko aldarrikapena egitea. Izan ere, Beskoitze ikastola eremurik gabe utziko du Herriko Etxeak, une honetan ikastolarekin duen akordioa bertan behera utzi baitu. Beste hitzarmenik ezean, sei hilabetera legez kanpokoa izango da ikastolak gaurko lekuan segitzea. Ondorioz, ekainetik aurrera 51 ikasle kalean geratuko dira egoitzarik gabe.
Ikastolako lehendakari ohiak eta egungo komunitate osoak elkartasuna erakutsi nahi izan dio Beskoitzeko ikastolari Landetxe plazan. Aldarrikapen testua irakurri du Lorena Zalakainek, ikastolako lehendakariak, eta jarraian, “Hator, hator” abestu dute guztiek elkarrekin.
Bukatzeko, umeen zoriontasuna goxatzeko, Doneztebe plazaraino hurbildu da prozesioa 12:00etan udaletxetik bota dituzten goxokiak biltzera.