Eskolako Agenda 2030
2021-22ko ikasturtean Eskola Jasangarriaren Aintzatespen Agiria berritzeko auditoria gainditu genuen. Aintzatespen Batzordeak ondoko hitzak erabiliz zoriondu gintuen:
Zorionak eman nahi dizkizuegu Jasangarritasun Hezkuntzaren alde egin duzuen lanagatik, eta ahaleginagatik, zuen lan ona hezkuntza komunitate guztira, zein eguneroko bizitzara zabaltzeagatik. ‘Eskola Jasangarria’ agiria eskuan duzuela, hurrengo urteetan ere horrela jarrai dezazuen nahiko genuke, eta animatzen zaituztegu hala egitera.
(Eusko Jaurlaritzako Aintzatespen Batzordea)
Gure planetaren egoera ekologikoaz jakitun garen arren, berau hobetzeko ekintzak burutzerakoan sortzen zaizkigun kontraesanez kontziente egin eta ekintza eredugarriak sendotzen jarraitu nahi dugu.
Urtetan heldutako erronkari eutsiz Agenda 2030eko programan Garapen Iraunkorraren Helburuen (GIH) lanketarekin jarraituko dugu. Aurten eta hurrengo ikasturtean Ura izango da gaia eta hurrengo helburuak landuko ditugu:
- GIH: ur garbia eta saneamendua
- GIH: ekoizpen eta kontsumo arduratsuak
- GIH: itsaspeko bizitza
- ZER EGINGO DUGU? Udalerri eta ikastola mailan uraren erabilera eta kontsumoa eta ur ekosistemen inguruko diagnostikoa egingo dugu.
- NOLA EGINGO DUGU? Adin guztietako ikasleek Oiartzungo egoera aztertzeko jarduerak eskainiko ditugu, udalerriko hausnarketa gako sendoak identifikatuz baita hobetu daitezkeen alderdiak ere.
- ZERTARAKO EGINGO DUGU? Hezkuntza komunitateak udalerria hobetzeko prozesuan parte hartuko du, proposamenak eta konpromisoak udal ordezkariei azalduz. Garapen Iraunkorraren alde, elkarlanean!
Eskolako Agenda 2030 egitasmoak lanketa hori egiteko markatzen dituen faseak jorratzen ditugu ikastolan: motibazioa-sentsibilizazioa, diagnostikoa, ekintza plana, komunikazioa eta ebaluazioa. Modu horretan, ingurumen gaien berritze eta eguneratze lanak egiten ditugu gure curriculumean. Diagnostikoetan lortutako emaitzekin gure lanean hobekuntzak txertatzea da helburua, ekintza planak sendotzeko.
Era berean, gure kudeaketan eta partaidetzan eragile aktiboak izan nahi dugu gertuko ingurunea hobetzeko; natura zein giza harremanen ingurunea hobetzeko, alegia. Inguru gozoagoan, atseginagoan eta iraunkorragoan bizi nahi dugulako.