Eskolako Agenda 2030
2020-2021 ikasturtean hasitako bidea jarraituz, Eskolako Agenda 21etik Eskolako Agenda 2030era trantsizioa egingo dugu 2021-2022 ikasturtean. Modu berean, Garapen Iraunkorraren 15. Helburuaren lanketarekin jarraituko dugu: Lehorreko bizitza edo Lurreko ekosistemen bizitza izenekoa.
- ZER EGINGO DUGU? Horren baitan, bertako eta inguruko basoak aztertu genituen aurreko ikasturtean eta oraingoan zelaiak, larreak eta landare itsutasuna izango ditugu aztergai.
- NOLA EGINGO DUGU? Adin guztietako ikasleek Oiartzungo egoera aztertzeko jarduerak eskainiko dira, udalerriko puntu sendoak identifikatuz, baita hobetu daitezkeen alderdiak ere.
- ZERTARAKO EGINGO DUGU? Hezkuntza komunitateak udalerria hobetzeko prozesuan parte hartuko du, proposamenak eta konpromisoak udal ordezkariei azalduz. Garapen iraunkorraren alde, elkarlanean!
Eskolako Agenda 2030 egitasmoak lanketa hori egiteko markatzen dituen faseak jorratzen ditugu ikastolan: motibazioa-sentsibilizazioa, diagnostikoa, ekintza plana, komunikazioa eta ebaluazioa. Modu horretan, ingurumen gaien berritze eta eguneratze lanak egiten ditugu gure curriculumean. Diagnostikoetan lortutako emaitzekin gure lanean hobekuntzak txertatzea da helburua.
Era berean, gure kudeaketan eta partaidetzan ere hobekuntzak ezarri ditugu azken urteetako lanei esker. Eragile aktiboak izan nahi dugu gertuko ingurunea hobetzeko; natura zein giza harremanen ingurunea hobetzeko, alegia. Inguru gozoagoan, atseginagoan eta iraunkorragoan bizi nahi dugulako.
Bide batez, proiektu hau garatzen eskaintzen digun laguntza dela eta, Oiartzungo Udalari bere bultzada eta babesa eskertu nahi dizkiogu.