Azken egunotan hedabideetan bolo-bolo dabilkigu 23-24 ikasturterako matrikulazio prozesua eragiten ari den ezinegona eta zenbait kasuetan bidegabekeria ere bai, ikastoletan bere seme-alaba matrikulatu nahi duten familietan. Joan den asteazkenean, ez ohiko batzarrean, EAEko ikastola guztietako ordezkariak bildu ginen Durangon eta bi orduko bileraren ondoren, Ikastolen Elkarteak prentsa ohar batean bertan adostu genuena ADIERAZI zuen (https://ikastola.eus/berriak/54935).
Esan bezala, hainbat ikastola eta bertara bere seme-alabak matrikulatu nahi dituzten familia momentu zailak pasatzen ari dira eta Hezkuntza Sailetik ez da egoera hau bideratzeko intentziorik ikusten. Oraingoan, Haurtzaro Ikastolari ez zaigu horrelakorik bizitzea tokatu, baina dudarik ez izan, oraingo joko-arauak ontzat ematen baldin baditugu eta egoera honen aurrean ezer egiten ez badugu, hurrengo ikasturtean guri ere egoera berean egotea tokatuko zaigula.
Honengatik guztiagatik, ikastola guztietan, gaurko egunean zehar elkarrataratze deialdia zabaldu da Zarauzko, Oñatiko, Arrasateko, Azpeitiako, Gasteizko eta beste hainbat ikastoletako komunitatea jasaten ari den egoera salatu eta gure babesa eskaintzeko helburuarekin.
Haurtzaroko deialdiak:
- Jantokiko langileak: 11:45ean ikastolako anfiteatroan
- Aukera duen beste guztiak (langile, ikasle eta guraso): 12:00etan anfiteatroan.
Badakigu askok ezin izango duzuela azaldu baina momentuko ekimena izanik ez dago aukera askorik gure komunitateko ahalik eta jende gehien biltzeko. Gauden guztiok elkarrekin, garbi adieraziko dugu ez dugula egoera hau onartzen.
MATRIKULAZIO GARDEN BATEN ALDE!