DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 12-16 urte
EKI proiektuarekin jarraitzen dugu lanean DBHko lau mailetan.
Proiektuak hezkuntza osoa eta integrala bideratzea du helburu eta, hori lortzeko, hainbat ezaugarri ditu. Laburbilduz, konpetentzien garapena du ardatz nagusi, eta hori egoerei aurre eginez lortzen da.
Denok dakigu konpetentzia eta ekintzailetasuna oso lotuta daudela; hau da, bizitzako hainbat egoerei eraginkortasunez erantzuteko aurrez eskuratutako ezagutzak egoki hautatzen eta erabiltzen ditugun neurrian bilakatzen gara gero eta konpetenteago.
Bizitzan gertatzen den bezalaxe, ikastolako jardunean ere, ikasleak bereganatutako ezagutzek egoerei aurre egiteko baliatzen dituen neurrian garatzen ditu funtsezko konpetentziak. Konpetentzia horiek Europako Erreferentzia Markoan jasotakoak dira: hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia, konpetentzia eleaniztuna, STEM konpetentzia, konpetentzia digitala, konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa, herritartasunerako konpetentzia, ekintzailetza-konpetentzia eta kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia. Hori guztia behar bezala gauzatzeko hainbat eskakizun bete behar dira, besteak beste, ikaslea ikaskuntza-prozesuaren protagonista nagusia izatea, ikaslearen jarduna aktiboa izatea eta, nola ez, ikaskuntza-irakaskuntzarako hautu metodologiko egokia egitea. Hori guztia lotzen du EKI proiektuak. EKI proiektua bi euskarritan dago garatuta: analogikoan eta digitalean. Euskarri analogikoko hainbat jarduera modu digitalean ere lantzen ditugu, helburua ere badelako ikasleen konpetentzia digitala garatzea.
Baliabide digital horiek, paperezko euskarriak dituen abantailez gain, baliabide propioak jartzen dituzte irakasleen eta ikasleen eskura: bideoa, audioa, zuzenketa automatikoak, fitxak partekatuz taldean lan egitea… Eta horien guztien erabileran, oreka pedagogikoa landuko dugu.