Bizikidetza
“Bizikidetza onuragarri-osasuntsua denon artean bide hoberenetik eraikitzen”
Urteetan zehar partaideen arteko elkarbizitzari bide egokiak bilatzea eta ematen joatea izan da denon artean osatzen dugun Haurtzaro ikastola hezkuntza komunitatearen helburu garrantzitsua. Eginkizun funtsezko horren inguruan talde eta dinamika desberdinak osatu, martxan jarri eta indartu izan ditu. Hala nola, Golden 5, KiVa, Haziak, Hezkidetza, Agenda30… egitasmo desberdinak.
Talde bakoitzaren funtzionamendu autonomoa kontuan hartuz eta guztien arteko koordinazioa eta koherentzia egituratze eta sendotze aldera, egitasmo guztiak Tutoretza Ekintza Plana (TEP) proiektu globalean ere jaso ditugu. Pixkana egitasmo desberdin guztiak Haurtzaroren Bizikidetza Taldea deitu duguna hezurmamitzen joan dira.
Haurtzaroren Bizikidetza Taldearen eginkizun nagusia egitasmo desberdinei eta eguneroko lan hezitzaileari norabide ahalik eta argiena, egokiena eta osasuntsuena ematea bihurtu da. Elkarbizitza horretarako da Portaera Egokia eta Osasuntsuaren Sustapena (PEOS) gogoeta gai, oinarri eta eguneroko bizikidetzaren helburuen eta praktikaren gida: Egitasmo guztiek eta TEP-ak partekatzen dituzten kontzepzio, printzipio eta egikerak batera elkarlanean pentsatzea, diseinatzea eta koordinatzea da helburua.
Gurasoak heziketa komunitatearen eragile garrantzitsu dira eta Portaera Egokia eta osasuntsuaren sustatzaile lana gero eta trebezia handiagoz osatze aldera, Haurtzaro Bizikidetza Taldeak 24-25 ikasturteko guraso formazioa diseinatu eta bultzatu ditu hiru lan ildo hauen inguruan:
- Arauak eta mugak II: kasu praktikoak
- Ohitura osasuntsuak sortuz: elikadura portaera- nahasmenduak ekiditeko familientzako gida
- Mutil berdinzaleak hezteko erronka
Haurtzaroko Bizikidetza Taldea (HBT) Bizikidetzako proiektuen arduradunek, Orientazio Departamenduak eta HH-LH-DBHko etapetako arduradunek osatzen dute. Talde honek Hezkuntza Batzordearekin eta Bizikidetza Behatokiarekin batera elkarlanean jarduten du denon eginkizun den bizikidetza denontzat onuragarri gerta dakigun.
Bizikidetza komunitateko partaide bakoitzaren eta guztien benetako onura egituratzea da egitasmo guztiak lotzen dituen hari nagusia. Hala nola, Golden 5 egitasmoak irakasleen, gurasoen eta beste hezitzaileen begirada aldaketaz eta eguneroko lanketaz hausnartzera bideratzen ditu. Lanketa honek ikaslearen oinarrizko behar psikologikoak asetzea du helburu: ikasle bakoitzaren autonomian eta garapenean eragiteko ikaslearen alderdi onak ikusi eta nabarmenduko ditu eguneroko lanean.
KiVa proiektuaren ekarpen nagusia, jazarpena guztion ardurako gertaera dela ohartaraztea da, alegia, ezin dugula jazarlearen eta jazartuaren artekoa aparteko gertaera gisa hartu. KiVak jazarpena “ikusi” duenak nola jokatu behar duen eta zer egin dezakeen jakin ahal izateko bitartekoak eskaintzen ditu. Ikastolako komunitate osoak parte hartzen du eskola jazarpenari aurre egiten: irakasleek, ikasleek, gurasoek, jantokiko langileek…eta jazarpen egoeretan kudeatze-bideratze lanean Haurtzaroko KiVa Taldeak (LH-DBH) jarduten du. Programa hau LH1. mailatik DBH3 bitarteko ikasleek landuko dute.
Haziak Egitasmoak elkarbizitzan sortzen diren harreman desorekatuak eta botere harremanak iraultzea du helburu. LH1. mailatik 6. maila bitarteko ikasleek landuko dute hainbat eragileekin elkarlanean, metodologia eta material zehatzekin.
Agenda 30 egitasmoak Garapen Iraunkorreko 17 Helburuak (GIH) (osagai ekonomiko, sozial eta ingurumenarekin erlazionatutakoak) aztertu ondoren gure curriculumean eta TEPean integratu ditugu, Portaera Egoki eta Osasuntsuaren sustapenaren ildotik.