Amestutako jolaslekua, errealitate

Eraldaketak jolasteko modu berriak ekarri ditu. Esperimentaziorako, imitaziorako, interakziorako, bizitzeko, egoteko eta aritzeko molde berriak. Argi dago gelan egiten diren balioen lanketa eta euskararen lanketa sustatu behar direla espaziorik espazio, barrualdean nahiz kanpoaldean.

Prozesu parte hartzaileak eta egindako inbertsio ekonomikoa handiak izan dira, horregatik, zaila egiten zaigu inork egindako ahalegina hain arin zapuztu nahi izatea. Halaber, ez dezagun soilik mehatxuen irakurketarik egin (txikizioak, zikinkeria, istripuak), aritu gaitezen nagusiki eskaintzen dituen aukerez eta eremuaren balio pedagogikoaz didaktika egin.

Egindako lanek asfaltoa eta hormigoia aldatzea ekarri dute nagusiki, ikastola-zuhaitz, -lorategi edo etorriko diren -baratzeekin. Argi dago ikastetxeko patioak birnaturalizatzeak eragina duela haurren osasun mentalean eta fisikoan. Helburu hori izanik, “basa-patioa”, “eko-patioa”, hots, patio jasangarria egitea zen helburuen artean genuenetako bat. Espazioak ohitura osasungarriekin lotura egitea dakar, eta, hein handi batean, 2030 Agendaren hainbat helburu praktikatzeko aitzakia da: 0 zabor, 0 plastiko. 

Jolastokiak berdeagoak

Alde batetik, eskolako jolastokiak «berdeago» egiteak aukera emango digu jolaslekuak udaberri-udan hartzen zuen tenperatura hobetzeko. Azken urteetako bero boladek erakutsi dute babesleku termikoak sortu behar direla graduak jaisten laguntzeko eta herritarrei arnasa emateko. Umeek ikastolan ordu asko ematen dituzte egunean, eta funtsezkoa da ikastetxean bertan berdeguneetara sartu ahal izatea. Beraz, klima-aldaketaren erronkari aurre egitea bilatu nahi izan dugu jolas eremuaren eraldaketarekin ere. 

Era berean, eraldaketa horrek beste maila batzuetan ere funtzionatuko duela espero dugu, ikasleen osasun mentalean eta fisikoan eragin positiboa baitu. Espazio berriak jarduera fisikoa sustatzeaz gain, naturarekin harremantzeko modu berriak eskaintzen ditu. Beraz, patioa birnaturalizatzea, ikastolako patioa lorategi bihurtu nahi izan dugu, besteak beste,  parke. Ehundura aukera anitzak eskuratu ditugu esperimentatzeko; aterpeak eta babeslekuak jarri dira itzaletan egoteko eta aritzeko, hitz egiteko, harremantzeko, jolasteko, amets egiteko; ibilbide aukera desberdinak marraztu dira aukera berriak probatzeko, imitatzeko, harremantzeko… leku aberatsetan aberatsa den espazio batean. 

Patioa naturalizatzeak ingurumen-irizpideak kontuan hartzea dakar, baita ikasleen konpetentzia zientifikoa lantzea ere. Izan ere, landareria, gune bioanitzak eta uraren zikloak lantzeko balio du. Hezkuntza-komunitate osoak parte hartuz sortutako diseinuak, berdeguneak, materia erabilera anitzak, uraren erabilera eta aprobetxamendua eta osasunarekin lotutako ohitura osasuntsuak praktikatzeko aukera paregabeak eskaintzen dizkigu. 

Herri onurako ikastola baita gurea, herritik sortua eta herritarrentzat

Gainera, hesirik gabeko patioaren kontzeptua lantzea indargunea delakoan gaude, herri onurako ikastola baita gurea, herritik sortua eta herritarrentzat. Beraz, Oiartzungo herriarentzat arnasgune berde berria da, asfaltorik eta hormigoirik gabeko eremu irekia. 

Berdintasunerako jolastokia

Haurtzaro ikastolako patioaren eraldaketak halaber, bestelako erronkarik ere izan du: genero-estereotipoak gainditzea eta ikasle guztiek, sexu bereizketarik egin gabe, edozein premia dutela ere, eskubide berdintasunean hezteko aukera izatea, espazio inklusiboagoak sortuz. Arestian aipatu moduan, jolastokiak beste pieza bat gehiago dira gure hezkuntza proiektuaren garapenerako.

Gauzak horrela, Berdintasunerako jolastokia da gurea. Hori lortzeko, sexu askotariko umeen arteko elkarrekintza-mota aldatu behar da, joko arautua maite ez dutenek haien gustukoak diren jarduerak egiteko aukerak bultzatuz. Espazioaren erabilera baldintzatzen duten hierarkiak apurtu behar dira eta guztiek erabili ahal izateko  nortasunaz jantzi.  Kirol estandarrek nagusitasuna eta lehia bultzatzen dute, eta horrek, hainbatetan, indarra tarteko, bazterkeria dakar. Espazioen dibertsifikazioak guztientzako eskaintza bermatzea ekarriko duelakoan gaude, erabiltzaileak anitzak baitira. Baina hau noski ez da espazioaren aldaketarekin automatizatzen den prozesua, helduok aktiboki parte hartzearen eta heziketaren ondorioa da. 

Diseinua aldatzeak, genero ikuspegitik neutraltasunerako aukera eskainiko du, baita interesen araberako antolaketari buruzko araudiak ezartzeko eta kooperazioan jarduteko, lankidetzan eta ez lehiakortasunean. Mundu guztiak irabazi du, baita kirol estandarretan/arautuetan jokatzen dutenek ere, eremu naturalak jarduera-aukera handiagoa eta errealagoa dakarkielako, gizartearen aniztasuna bera ulertzen lagunduz.

Elkartzeko modu berriak eskaini ditu eraldaketak; izan ere, orain arte adinaren arabera araututako espazio antolatua izatetik, adinkide ez diren kideen arteko jolasteko era berriak sustatzeko ahaleginean jarri gara, botere nagusitasun harremanak lantzeko abagunea izanik. 

Azkenik, eremuaren zaintzak beste ikaskizun bat dakargu: nitasunetik kolektiboan pentsatzera salto egitea, erantzukizunez eta arduraz jokatzea norberarentzat, baina baita guztiongatik ere.