Pertsona eredua: Zer nolako ikasleak nahi ditugu oinarrizko hezkuntzaren amaieran?

Talde Pedagogikoa, ibilian doan tropela

Ikasturte oso bat pasatu da Haurtzaro Ikastolan Talde Pedagogikoa abiatu genuenetik, eta bigarrenean murgilduta gaude. Hilabete hauetan guztietan aukera bikaina izan dugu gai pedagogikoez mintzatzeko eta gogoeta egiteko, taldean bertan zein ikastolako klaustroarekin batera egindako saioetan. Galdera batekin abiatu ginen: Zer nolako ikasleak nahi ditugu oinarrizko hezkuntzaren amaieran? Gaiaren sakontasuna kontuan hartuta, taldeari jarritako helburuak ez ziren nolanahikoak izan, ikaslearen irteera-profila pertsonaren dimentsioaren begirada osoarekin osatzea ez baita makala. Are gehiago, Haurtzaro Ikastolaren Plan Estrategiko berriaren zehaztapenean pertsona ereduaren ildo estrategikoez hitz egiten ari bagara. Gaiak ertz asko ditu, baina hilabete hauetan egindako lanari esker, ertzak leuntzen doaz urratsez urrats. 

Ibilaldi horretan aukera izan dugu ikastolaren ikuspegiaren baitako pertsona ereduaren bereizgarriak eta ezaugarriak zehazteko, eta haiei esanahia emateko. Gaur-gaurkoz Haurtzaro Ikastolaren pertsona ereduaren oinarriko adreiluak finkatuta ditugu. Horretarako, Ikastolen Elkartearen Bazatoz? Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra argitalpenean definitutako bost bereizgarriak hartu ditugu abiapuntutzat, eta horiek hamabost ezaugarrirekin hornitu ditugu, hiru bereizgarri bakoitzeko. Arakatze-lanean murgilduta ibili gara denbora luzez, lehendik ikastolan sustraitutako ideiak garai berri hauen eskakizunetara doitzen. Irakasle klaustroak emandako sostenguari esker, taldea sendo aritu da lanean, eta etorkizunerako lan-ildoak zehaztuta ditu dagoeneko. Finean, Zer nahi dugu? galderari erantzuna ematen aritu gara denbora luzez, eta lortu dugu. Orain, ordea, beste galdera bat dugu jirabiraka: Nola egingo dugu? Hau da, zer metodologia eta estrategia baliatuko ditugu ikasleak jomuga horretara irits daitezen? Zein izango dira gure bidaia gidatuko duten ildo pedagogikoak? Nola jakingo dugu pertsona ereduaren garapenean urrats zuzenak egiten ari garela eta gure ikasleak pertsonaren ikuspegi integraletik hezten ari garela? Azken hilabeteotan lan horretan dihardugu, eta gure helburua da ikasturte amaierarako gai hori ere mamituta izatea, berriz ere, irakasle-klaustroa bidelagun izanik. 

Pertsona ereduaren lanketaren lema Talde Pedagogikoak hartu badu ere, taldeak badu beste helburu bat gehiago: hain zuzen ere, egindako lana Haurtzaro Ikastolaren komunitate osoari jakinaraztea. Azken batean, gure haurren, gaztetxoen eta gazteen hezkuntzan denok baitugu gure lekua eta egitekoa.

Talde Pedagogikoa ibilian doan tropela dugu. Bizikleta hartuta abiatu ginen, jakinik ibilbidea luzea izango zela. Abian ibili gara, batzuetan abiadura bizi samarrean esprintean, maldan gora motel besteetan, bideak eman dizkigun aukeren eta zailtasunen baitan. Ibilaldi gogoetatsua egiten ari gara, une oro hankak lurrean ipiniz, geldiuneak eginez eta momentuko paisaiaz gozatuz. Lan zoragarri eta erakargarri batekin abiatu ginen eta ibilbidean jasotako ufadak aurrera egiteko kemena eman digu. Aurrerantzean ere jarraituko dugu ikastolaren iparrorratza izango den horren zehaztapenean lanean, ertzak elkarrekin leunduz.