Lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzeko aukera galduko dugu

Azaroaren 29an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean onartu den Hezkuntza Lege proiektuaren irizpenaren aurrean Ikastolen Elkarteak egin duen balorazioaren berri emateko agerraldia egin dugu, gaur, Ikastolen Etxean. Hitza hartu dute Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak eta zuzendari nagusi Jose Luis Sukiak. Segidan duzue egin dugun irakurketa:

LEGE PROIEKTUA DAGOEN MODUAN ONARTZEN BADA, EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMA ERALDATZEKO AUKERA GALDUKO DUGU

Ikastolen mugimenduak eremu desberdinetan proposamen propioak lantzen jarraituko du, hezkuntza sistemari eta gizarteari ekarpena eginez, eta Euskal Hezkuntza Sistema propioa eta eraldatzailea aldarrikatuz.

Ikastolek, etorkizunari begiratu ez ezik, ekainean ospatuko dute Euskal Herriko Ikastolen VII Batzarra eta bertan zehaztuko dituzte datozen urteetarako estrategia eta ildo nagusiak. 

Idatzi honen helburua Azaroaren 29an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean onartu den Hezkuntza Lege proiektuaren irizpenaren aurrean Ikastolen Elkarteak egin duen balorazioaren berri ematea da. Lehen balorazio moduan, eta lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, esan dezakegu “aukera galdua” izan dela iruditzen zaigula. 

Aurreko agerraldia nola bukatu genuen gogora ekarri nahi dugu hitzez hitz: “Galdu ezin dugun aukera baten aurrean gaude eta hezkuntza eragileon ekarpenak kontuan hartzeko eskatzen diegu alderdi politikoei eta hezkuntza sistemak behar duen benetako eraldaketari ausardiz heltzeko.”

Ikastolen Elkarteak aspalditik aldarrikatu izan du lege berri bat behar dugula, hezkuntza sistema osoa arautuko duen lege bat behar dugula. 

Hezkuntza sistemaren egoerak eraman gaitu eragile gehienoi diagnostikoan bat egitera: Euskal Herriko hezkuntza sistemek errotiko eraldaketa behar dute eremu guztietan: euskararenean, pedagogikoan zein antolaketan. Eta uste genuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Lege berri hau eraldaketa hori emateko oinarri sendo bat ezartzeko markoa izango zela. Oinarria eraldaketarako eta abiapuntua hezkuntza sistema propio baterako. Ikastolen Elkarteak ez du hezkuntza legea helburu, abiapuntutzat jotzen dugu. Hori bai, ahalik eta lege onena eta zehatzena nahi dugu.

Bi urte luze ibili gara hezkuntza legearen inguruan gogoetatzen, eztabaidatzen, biltzen… Galdu ezinezko aukera baten moduan irudikatu dugulako prozesu hau. Edozein herrirentzat estrategikoa den gai baten da hau, datozen belaunaldien etorkizuna baldintzatuko duena.

Ikastolen Elkartea prozesu honen hastapenetik eragile aktibo izan da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza sistema osoa arautuko duen legea izanik, guk geuk gure ekarpena egin behar genuela uste genuen eta hala jokatu dugu. Irakurketa kritiko eraikitzaileak egin ditugu, bai eta prozesuaren bukaera arte ekarpenak egin ere.

2022ko apirileko Hezkuntza akordioak itxaropenerako bidea ireki zuen, alderdien artean zerbait berria eraikitzeko borondatea bazegoela sinistu genuen eta iruditzen zaigu ausardia erakutsi zutela publikotasun berri baten definizioan zein euskararen normalkuntzaren bidean.. Bidea luzea izan da, eta  ausardiak indarra galdu duela uste dugu. Aurrerapausoak eman beharrean, gainera, zenbait gaitan geldirik geratu edo atzeraka joan garela uste dugu.

Maiatzean, orduan aurkeztutako lege aurreproiektuaren balorazioa egin genuen, eta balekoa zela aipatu genuen. “Aukera esanguratsuak” jasotzen zituela esan genuen: ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza-komunikaziorako gaitasun maila(k) zehaztea, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren (EHZP) sorrera, definizioa eta parte izateko bete beharreko baldintza eta konpromisoak akordioan bertan jasota egotea, edota segregazioa ekiditeko proposamenak zehaztea besteak beste;  baina orduan “gabezia ugari” zituela ere azpimarratu genuen. Halere, prozesuak artean zabalik jarraitzen zuela eta hainbat gai bideratzeko aukera bazegoela uste izan dugu orain arte.

Beraz, zergatik diogu, orain, aukera galdua izan dela? 

1.- Euskara, euskal kultura eta Euskal Curriculuma

Murgiltze eredu orokortua lortzeko zehaztasunik ez eta berriro ere hizkuntza ereduak jaso dira lege proiektuan.

Euskararen alorrean, azken hamarkadetan egindako ibilbidearen ondorioak argiak dira, eta hala ondorioztatu dugu hezkuntza eragile nagusiok adostasunez: hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen eta horiek gaindituko dituen eredua behar dugu oinarri. Datuek egiaztatzen dute hizkuntza ereduen logikak ez duela balio egun hezkuntzan dugun errealitate soziolinguistikoari erantzuteko eta, noski, ez dira baliagarri lege aurreproiektuan zehazten diren helburuak erdiesteko. 

Euskal Herriko Ikastoletan murgiltze eredua ezarrita dugu, berau delako ondorengo belaunaldiak euskalduntzeko bidean emaitza onenak ematen dituen eredua. 

Euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia dela ulertzen dugu, eta ereduen izaera baztertzaileak segregazio egoerak areagotu besterik ez ditu egiten.

Ikaskuntza-hizkuntza guztien izaera bideratzailea aipatzen duen xedapen gehigarriak ere kezka sortu digu. Izan ere, gure jendartearen errealitatea da euskara hizkuntza minorizatua dela, eta egoera horretan ezin dira hizkuntza guztiak era parekatuan tratatu, berdin tratatzeak minorizatua den hizkuntza baztertzea, diglosia betikotzea, baitakar.

Atal honetan Euskal Curriculuma ere aipatu nahi dugu. Lege aurreproiektuan ez da ageri Euskal Curriculuma, ezta Euskal Curriculumean ardaztutako hezkuntza sistema bat eraikitzeko premiarik ere. Ikastolen elkartearen ustez, ordea, ezin da Hezkuntza Lege bat eraiki Euskal Curriculumari aipamenik egin gabe. Honen ondorioz, euskal kulturaren transmisiorako behar diren tresnak ezin izango dira behar bezala garatu.

2. Gobernantza eredua: publiko-pribatua dikotomia eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren definizioa

Atal honetan, gure ustez, ausardia falta dago. Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan zehaztapen sakonagoa falta da. Hala, ez da bermatzen Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barruan egongo diren ikastetxe guztiak baldintza beretan arituko direla. Honetaz gain, Zerbitzuaren parte izango diren ikastetxeen betebeharrak ez dira zehaztasunez aipatzen. Eta honek publiko-pribatu dikotomia betikotzeko arriskua sortzen du.

Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren kontzeptuarekin bat egiten dugu, Euskal Herrian orain arte egon diren hezkuntza tradizio nagusien aitortzarako bide izan daitekeelako. Baina guk ez dugu erabat berdin ulertzen Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren garapena.

Beraz, lege berri honek 1993ko Eskola Publikoaren Legearen aldean urrats egingo baditu ere, zentzu horretan ausartagoa izan behar duela iruditzen zaigu.

Ulertezina da etorkizun hurbilean gertu beharreko eskola-maparen eraldaketa dela eta, titularitate desberdina duten ikastetxeen arteko esperimentazioari ateak ixtea alegia, uste baitugu publikotasun eredu propiorantz abiapuntu izan zitekeela.

Horiekin batera, doakotasunerako bideak, aurrekontuak eta baliabideak zehazteko bideak jaso ez izanak ere kezka eragin dugu. 

3. Euskal Herria bere osotasunean ahalbideratzeko politikak

Euskal Herria hiru administrazio desberdinen pean dagoela jakinik, beharrezko ikusten dugu lurraldeen arteko harremanak eta lankidetzak sustatzeko legez araututako tresnak sortzea. Horregatik, ulergaitza egin zaigu Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte diren ikastetxeen eta Euskal Herriko gainerako lurraldeetan euskara eta euskal kultura ardatz duten ikastetxeen arteko harremanak eta proiektuak sustatzeari edota elkarlana bultzatzeko asmoz Europa mailako partzuergoa eratzeko proposamenari ateak itxi izana. Egungo errealitatetik abiatuta, Euskal Herri osoan hezkuntza sistema propioa eraikitzen hasteko aukera irekiko zuketen biek. 

ONDORIOAK ETA AURRERA BEGIRAKOA

Arestian esan dugunarekin, argi dago orain onartuko den Hezkuntza Legeak ez duela asetzen 2022an ikastoletan piztutako itxaropena.

Aitortu behar dugu bide berri batzuk ahalbideratzen direla, eta legeak emango dituen aukera horietan sakonduko dugu, noski, eta gure proposamenak landuko ditugu. Bidea ireki ez zaien gaientzat, berriz, marko legala aldarrikatzen jarraituko dugu. Horren faltan, orain arte bezala, Ikastolen mugimenduak eremu desberdinetan proposamen propioak lantzen jarraituko du, hezkuntza sistemari eta gizarteari ekarpena eginez, Euskal Hezkuntza Sistema propio eta desberdin bat aldarrikatuz eta bide horretan ahaleginak eginez.

Etorkizunean jarri nahi dugu, beraz, begirada, gizarteari egingo diogun ekarpen horretan. Datorren urtean egingo dugun Euskal Herriko Ikastolen VII Batzarrean zehaztuko ditugu datozen urteetarako gure ildoak eta egin nahi dugun ekarpena.