HH Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 3-6 urte

HH1. zikloko proiektuaren ildoari jarraituz, HH2. zikloan Ikastolen Elkarteko  hIZAN proiektua oinarritzat hartuta, Haurtzaro Ikastolan gure proiektu propioa lantzen eta gauzatzen ari gara.

Proiektu bizia da, eta etengabeko formazioan jarraituz, aurten, Kuku programarekin emozioen lanketan murgildu gara.

hIZAN proiektuan, haurra da bere ikasketen protagonista. Bere garapen erritmoak errespetatuz, berezko garapen ahalmenetan konfiantza adieraziz eta ziurtasun fisiko eta emozionala bermatuz, haurrak osasuntsu garatzeko heldua bidelagun izango du. Bere gogoetatik, plazerretatik, interesetatik eta beharrizanetatik abiatuta, burutzen dituen jarduera eta ekintza autonomoak izango dira haurraren ikaskuntzarako eta garapen psikomotorrerako, afektiborako, sozialerako zein kognitiborako oinarri.

Bizitzako arazoei edo erronkei eraginkortasunez erantzun ahal izateko, haurrak beharrezkoa du oinarrizko konpetentzia orokorrak garatzea:

  • Norbera izaten ikasi: norberaren gorputza eta gorputzaren aukerak ezagutzea, norberaren nortasuna onartzea eta norberaren irudi positiboa eratzea. Emozioak identifikatzea eta erregulatzea. Pixkanaka autonomia eta erantzukizun-ohiturak hartzea.
  • Elkarrekin bizitzen ikasi: norberaren eta besteen pertzepzioa garatzea. Errespetuan, aniztasunean oinarritutako hartu-emanak sustatzea. Gatazken kudeaketa baketsua eta taldekideekin  lankidetzan, oinarrizko gizarte-trebetasunak garatzea.
  • Komunikatzen ikasi: begiradak, mugimenduak, sentimenduak, hau da, hitzik gabeko komunikaziotik hitzen bidezko komunikazioa lortzea. Haurrak komunikatzeko lengoaia mota ezberdinak erabiltzea (musikala, plastikoa,…) bere emozioak, nahiak, ideiak, oroitzapenak eta ezagutzak adierazteko.
  • Ikasten eta pentsatzen ikasi: ulermenean oinarritutako pentsamendua garatzea. Hau da,  informazioa lortu (behatuz, galdetuz, esperimentatuz…),  jasotakoa ezagutza bihurtu eta beste egoera batzuetara transferitzeko gai izatea. Horrekin batera, haurra pentsamendu sortzailea eta kritikoa garatzen joango da, erabakiak hartu ahal izateko.
  • Egiten eta ekiten ikasi: ingurune desberdinak behatzea eta aztertzea, jakin-minezko eta errespetuzko jarrerarekin. Esperimentatzea, galderak egitea, hipotesiak egiaztatzea eta planifikatzea. Eguneroko bizitzako egoerei aurre egiteko ekimena erakustea, alternatibak bilatuz.

Aurrez aipatutako haurra ulertzeko modua aintzat hartuta,  gure eginkizuna da, ikastola haurraren ongizate-testuingurua izatea. Horretarako, hainbat aspektu kontuan hartzen ditugu:

  • Haurrak behar duen segurtasun afektiboa (irakaslearen begirada eta eskuhartze egokia ezinbestekoa da haurra entzuna eta ulertua sentitzeko).
  • Barneko eta kanpoko espazioaren antolaketa eta erabilera (gela, psikomotrizitate gela, jolaslekua, Liburu Txokoa, ikastola eremutik kanpoko espazioak…).
  • Haur guztien interesa asetzeko material anitza eta beraien ingurunea ezagutzeko proiektuak.
  • Euskara garatzeko edo garatzen hasteko testuinguru eta interakzio mota egokiak.
  • Bazkaltzeko eta lotarako momentua (irakaslearen eta begiralearen artean etengabeko koordinazioa).
  • Irakaslearen profila eta irakasleen arteko koordinazioa.
  • Gurasoekin harremana, elkarlana.

Ebaluazioa eta gurasoekin harremana 

Ziklo honetan ikasleen ebaluazioa banakakoa, jarraitua eta globala da. Hiru ebaluaziotan banatzen da ikasturtea, eta tartean, jarraipen bilerak burutzen ditugu ikaslearen prozesuaren berri jaso eta hurrengo pausoak plangintzatu eta bideratzeko.

Abenduan eta ekainean guraso guztiekin bakarkako bilerak egiten ditugu.