Eskolako Agenda 2030

2021-22ko ikasturtean Eskola Jasangarriaren Aintzatespen Agiria berritzeko auditoria gainditu genuen. Aintzatespen Batzordeak ondoko hitzak erabiliz zoriondu gintuen:

Zorionak eman nahi dizkizuegu Jasangarritasun Hezkuntzaren alde egin duzuen lanagatik, eta ahaleginagatik, zuen lan ona hezkuntza komunitate guztira, zein eguneroko bizitzara zabaltzeagatik. ‘Eskola Jasangarria’ agiria eskuan duzuela, hurrengo urteetan ere horrela jarrai dezazuen nahiko genuke, eta animatzen zaituztegu hala egitera.

(Eusko Jaurlaritzako Aintzatespen Batzordea)

Urtetan heldutako erronkari eutsiz aurten, Agenda 2030eko programan Garapen Iraunkorraren 7. Helburuaren lanketarekin jarraituko dugu: Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea delakoa eta Energia, gure motorra lelopean landuko duguna, alegia.

  • ZER EGINGO DUGU? Udalerri eta ikastola mailan energia eskuragarriaren eta ez kutsatzailearen diagnostikoa egingo dugu.
  • NOLA EGINGO DUGU? Adin guztietako ikasleek Oiartzungo egoera aztertzeko jarduerak eskainiko ditugu, udalerriko puntu sendoak identifikatuz, baita hobetu daitezkeen alderdiak ere.
  • ZERTARAKO EGINGO DUGU? Hezkuntza komunitateak udalerria hobetzeko prozesuan parte hartuko du, proposamenak eta konpromisoak udal ordezkariei azalduz. Garapen Iraunkorraren alde, elkarlanean!

Eskolako Agenda 2030 egitasmoak lanketa hori egiteko markatzen dituen faseak jorratzen ditugu ikastolan: motibazioa-sentsibilizazioa, diagnostikoa, ekintza plana, komunikazioa eta ebaluazioa. Modu horretan, ingurumen gaien berritze eta eguneratze lanak egiten ditugu gure curriculumean. Diagnostikoetan lortutako emaitzekin gure lanean hobekuntzak txertatzea da helburua.

Era berean, gure kudeaketan eta partaidetzan ere hobekuntzak ezarri ditugu azken urteetako lanei esker. Eragile aktiboak izan nahi dugu gertuko ingurunea hobetzeko; natura zein giza harremanen ingurunea hobetzeko, alegia. Inguru gozoagoan, atseginagoan eta iraunkorragoan bizi nahi dugulako.

Bide batez, proiektu hau garatzen eskaintzen digun laguntza dela eta, Oiartzungo Udalari bere bultzada eta babesa eskertu nahi dizkiogu.

Partaidetza bultzatzeak berebiziko garrantzia du Eskolako Agenda 2030en hezkuntza programan. Hori dela eta, ikastolaren barruan nahiz herrian, Hezkuntza Komunitatea osatzen dugun eragileen parte-hartzea sustatu nahi dugu:

  • Ikastolan: talde gidaria, ikasle ordezkarien taldeak, ikasleen Talde Berdea…
  • Herrian: ikastetxeen arteko foroak, Udalaren eta ikastetxeen arteko foro edo topaketak, etab.

Gurasoen parte-hartzea oso garrantzitsua da, Hezkuntza Komunitateko eragile baitira gurasoak ere, eta ikastola komunitatea osatzen dugun guztien ekarpenak behar ditugu eremu honetan aurrera egiteko. Beraz, taldeetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.