Bizikidetza

Golden 5, KiVa, Haziak, Hezkidetza eta Tratu Ona egitasmo desberdinek osatzen dute Haurtzaroko Bizikidetza Proiektua. Ekintza hauek guztiak Tutoretza Ekintza Planean jasotzen ditugu, eta eguneroko ikastolako bizitzan integratzen.

Bizikidetzako proiektuen arduradunek, Orientazio Departamenduak eta HH-LH-DBHko etapetako arduradunek Haurtzaroko Bizikidetza Taldea (HBT) osatzen dute. Talde honek Hezkuntza Batzordearekin eta Bizikidetza Behatokiarekin batera elkarlanean jarduten du denon eginkizun den bizikidetza denontzat onuragarri gerta dakigun.

Bizikidetza onuragarria egituratzea da egitasmo guztiak lotzen dituen hari nagusia. Hala nola, Golden 5 egitasmoak irakasleen, gurasoen eta beste hezitzaileen begiradak aldaketaz eta eguneroko lanketaz hausnartzera bideratzen ditu. Lanketa honek ikaslearen oinarrizko behar psikologikoak asetzea du helburu: ikasle bakoitzaren autonomian eta garapenean eragiteko ikaslearen alderdi onak ikusi eta nabarmentzen ditu eguneroko lanean.

KiVa proiektuaren ekarpen nagusia jazarpena guztion ardurako gertaera dela ohartaraztea da, alegia, ezin dugula jazarlearen eta jazartuaren artekoa aparteko gertaera gisa hartu. KiVak jazarpena “ikusi” duenak nola jokatu behar duen eta zer egin dezakeen jakin ahal izateko bitartekoak eskaintzen ditu. KiVaren bitartez, ikastolako komunitate osoak parte hartzen du eskola jazarpenari aurre egiten: irakasleek, ikasleek, gurasoek, jantokiko langileek… eta jazarpen egoeretan kudeatze-bideratze lanean Haurtzaroko KiVa Taldeak (LH-DBH) jarduten du. KiVa programa lantzen dute LH1. mailatik DBH3ra bitarteko ikasleek.

Haziak Egitasmoak elkarbizitzan sortzen diren harreman desorekatuak eta botere harremanak iraultzea du helburu. LH1. mailatik 6. maila bitarteko ikasleek lantzen dute hainbat eragileekin elkarlanean, metodologia eta material zehatzekin.

Tratu Ona Egitasmoa Haurtzaro Ikastolako guraso taldeak sortutako proiektu propioa da. Bereziki gurasoei zuzendutako lanketan eragin nahi du: ikastolako ordutegi barnean, gelan, ikasleak bizikidetza osasuntsuan hezten badira ere, familiaren egiteko moduak eragin zuzena du beraien jokabidearen garapenean. Gurasoak heziketa komunitatearen parte garrantzitsua dira eta ikasleei baloreak transmititzerakoan zeregin ukaezina dute.

Bizikidetza onuragarria-osasuntsua eraikitzen urratsak egiten elkarrekin joango gara.

Hezkidetza planari buruz, esan ikasturte honetan gure komunitatean feminismoa norabidetzen jarraituko dugula. Hainbat ekintza garatuko ditugu: ikastolako liburutegiko edukiak birplantzea, Tutoretza Ekintza Plana errebisatzea, heziketa afektibo-sexuala inplementatzea, agenda morea gauzatzea eta sakontzea…