DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 12-16 urte

EKI proiektuarekin jarraitzen dugu lanean DBHko lau mailetan.

Proiektuak hezkuntza osoa eta integrala bideratzea du helburu eta, hori lortzeko, hainbat ezaugarri ditu. Laburbilduz, konpetentzien garapena du ardatz nagusi, eta hori egoerei aurre eginez lortzen da.

Denok dakigu konpetentzia eta ekintzailetasuna oso lotuta daudela; hau da, bizitzako hainbat egoerei eraginkortasunez erantzuteko aurrez eskuratutako ezagutzak egoki hautatzen eta erabiltzen ditugun neurrian bilakatzen gara gero eta konpetenteago.

Bizitzan gertatzen den bezalaxe, ikastolako jardunean ere, ikasleak bereganatutako ezagutzak egoerei aurre egiteko baliatzen dituen neurrian garatzen ditu konpetentzia orokorrak (pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, norbera izaten, elkarrekin bizitzen eta egiten eta ekiten) eta arlo bakoitzeko konpetentzia espezifikoak. Hori guztia behar bezala gauzatzeko hainbat eskakizun bete behar dira, besteak beste, ikaslea ikaskuntza-prozesuaren protagonista nagusia izatea, ikaslearen jarduna aktiboa izatea eta, nola ez, ikaskuntza-irakaskuntzarako hautu metodologiko egokia egitea. Hori guztia lotzen du EKI proiektuak. EKI proiektua bi euskarritan dago garatuta: analogikoan eta digitalean. Euskarri analogikoko hainbat jarduera modu digitalean ere lantzen ditugu, helburua ere badelako ikasleen konpetentzia digitala garatzea.

Haurtzaro Ikastolan, Covid-19ak baldintzatuko duen ikasturte honetan, oro har, euskarri digitalak ere bideratu ditugu DBH1. zein 2. zikloan. Era honetan, balizko konfinamenduen aurrean, ikasleek ikaste eta irakaste prozesuak etenik gabe jarraitu ahal izango dituzte.

Baliabide digital hauek, paperezko euskarriak dituen abantailez gain, baliabide propioak jartzen dituzte irakasleen eta ikasleen eskura: bideoa, audioa, zuzenketa automatikoak, fitxak partekatuz taldean lan egitea… Eta horien guztien erabileran, oreka pedagogikoa landuko dugu.

Ebaluazioa 

Aurtengo ikasturtean proiektuari dagokion ebaluazio markoaren lanketarekin jarraitzen dugu. Helburua denez ebaluazioa ikasketa-prozesuan integratzea eta konpetentzien ebaluazioa bideratzea, EHI Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eskainitako marko teorikoa oinarri hartuz, Haurtzaro Ikastolako DBHko ebaluazio markoaren diseinuan eta aplikazioan lanean ari gara.