Haurtzaro Ikastola 2025-2026 Ikusi mezu hau zure nabigatzailean
An image of...
Urriaren 24an, Liburutegien Eguna ospatzeko, Haurtzaro Ikastolak abian jarri du "Argi hizkiak" izeneko egitasmoa. Irakurketarekin gozatzeko asmoz eta irakurzaletasuna bultzatzeko, mimo handiz ikasturte berrirako ekimena hasiko dugu. Astero astero liburu gomendio bat osatuko dugu. Horiek guztiak hemen bilduko ditugu:
Argi Hizkiak (3)

Oiloa ohean

Idazlea: Katrina Charman Argitaletxea: Ttarttalo Urtea: 2024 Adina: 2-6

Sinopsia:

Lotarako ordua une jostagarria da animalia dibertigarri hauentzat. Banan-banan zaratatsu erortzen diren heinean, ohea gero eta hutsago geratzen da, eta logela erabat nahaspilatzen da. Inork egingo al du lo?
Argi Hizkiak (4)

Artista egingo zaituen liburua

Idazlea: Ruth Milligton Ilustratzailea: Ellen Surrey Argitaletxea: Ttarttalo Urtea: 2024 Adina: 8 urtetik aurrera

Sinopsia:

Inspira zaitez mundu osoko hamaika artista iraultzailerekin, eta, gero, probatu haien teknika harrigarriak etxean, urratsez urrats azaldutako 25 jarduera dibertigarriren bidez. Liburu hau mota guztietako sormen lanak egiteko ideia irudimentsuz beteta dago. Liburu honen bidez, artista bilakatuko zara!
Argi Hizkiak (2)

Txirriki-Txarraka

Idazlea: Amaia Egidazu Arrube Urtea: 2025 Adina: 3 urtetik aurrera

Sinopsia:

Gure herrian bada ume bat –haren izenik orain ez dut gogoratzen–, bereziki trebea dena gauzak galtzen: etxeko giltzak, txanoa, motxila, baloia… Non eta nola galtzen dituen ez da sekula konturatzen.
Gaurkoan, amak enkargu berezi bat eman dio: amama gaixorik dago eta gauza pila bat eraman behar dizkio. Umea tipi-tapa, txirrikitxarraka, badoa amama estu-estu besarkatzeko irrikaz; baina lortuko al du amamaren etxera heltzea bidean ezer garrantzitsurik galdu gabe?
Argi Hizkiak (1)

Pantxo zezena

Idazlea: Pello Añorga Ilustratzailea: Jokin Mitxelena Argitaletxea: Denonartean Urtea: 2023 Adina: 7-9 urte

Sinopsia:

Eta a zer nolako festak! Pantxok orro beldurgarriak atera eta istantean harrapatzen zuen jendea, eta zilipurdika botatzen adar handiekin, trapu zahar baten modura.
Argi Hizkiak (3)

Ezagutu zintudanean

Egilea: Enara Garmendia Argitaletxea: Erein Urtea: 2026

Sinopsia:

Junek eta Markelek Nafarroako udaleku batzuetan ezagutu dute elkar. Lehenengo egunetik sentitu dute elkarrekiko erakarpena; Junek hobeto ezagutu nahi du lotsatia dirudien mutila, baina ez daki noiz eta nola eman pausoa, azken finean, bi aste bakarrik pasatuko dituzte elkarrekin. Batzuetan maitasunean, bizitzan bezalaxe, arriskatu beharra dago.
Argi Hizkiak (4)

Mussche

Idazlea: Kirmen Uribe Argitaletxea: Susa Urtea: 2012

Sinopsia:

Kirmen Uriberen bigarren nobela 1937ko maiatzean abiatzen da, milaka haur Santurtziko portutik erbestera atera dituztenean; haien artean dago Karmentxu, zortzi urteko neskatoa, Flandriako Gante hirian babesa hartuko duena Robert Mussche idazlearen etxean. Musschek bi adiskide bihotzeko ditu: Herman Thiery eskolako laguna (Johan Daisne goitizenez poeta eta nobelagilea) eta Vic Opdebeeck emaztea. Bigarren Mundu Gerrako garaia, euren arteko maitasunak, justizi egarriak eta oroitzapenek osatzen dute eleberri hunkigarri honen hezurdura.
Argi Hizkiak (2)

Maleta

Idazlea: Chris Naylor-Ballesteros Argitaletxea: Haria liburuak Urtea: 2019 Adina: 4 urtetik aurrera

Sinopsia:

Noizbait arrotz bat bere maletarekin iristen denean, animaliak kezkatzen dira… Zer ari da? Nondik dator? Eta maleta, zer ote dauka?
Argi Hizkiak

Mati eta Zugarramurdiko misterioa

Idazlea: Itxaso Martin Zapiain Ilustratzailea: Eider Eibar Zugazabeitia Argitaletxea: Alai Urtea: 2025

Sinopsia:

Mati desastre xamarra da eta berandu iritsi da gelakideekin Zugarramurdira egingo duen txangora. Egun berezia izaten ari da goizean goizetik eta gauza arraroak gertatzen ari zaizkio etengabe. Hazkura handia du ipurmasailean eta jarraika duen hots bat entzuten du han eta hemen. Halal eta Lur dira Matiren lagunik onenak dira eta haien laguntza izango du zer gertatzen ari zaion jakiteko. Bizitza zeharo aldatuko dien sekretua deskubrituko dute, baina ezingo diote inori kontatu. Eta zu gai izango zara Matiri gertatzen zaiona ezkutuan mantentzeko?
Argi Hizkiak

Ehizaldia

Egilea: David Lozano Argitaletxea: Giltza Edebe Urtea: 2025

Sinopsia:

ZERK EGITEN GAITU GIZAKI? ADIMEN ARTIFIZIALAK GIZA EMOZIOETATIK IKASI ETA HORIEK BEREGANATU AL DITZAKE? Sei gazte gonbidatu dituzte VENARIren proba esperimentalean parte hartzera. Errealitate mistoko bideojoko misteriotsu bat da, eta inork ez du oraindik haren berririk izan. Joko-eremua zedarritzen duen herri abandonatu batean isolatuta, ehiztari gisa, AA batek sortutako izaki birtual beldurgarriei aurre egin beharko diete. Laster, ordea, VENARIk bere alderik ilunena erakutsiko du, eta gazteak, beranduegi, konturatuko dira han ez daudela lehiatzeko, harrapakin gisa baizik. Partida hasten denean, ez dago atzera-bueltarik.
Argi Hizkiak (1)

Mari-mutil handi baten bluesa

Idazlea: Leslie Feinberg Itzultzailea: Fermin Zabaltza Argitaletxea: Katakrak Urtea: 2021

Sinopsia:

«Utzi nion ikus zitzala nire beldurra eta nire lotsa, gizon bati nahita inoiz utzi ez nion bezala. Baiezko keinua egin zidan. Ulertu zuen.
Duffy bultzaka joan zen hesiraino, laneko bota goratu, eta hesia ostikoz irauli zuen.
—Goazen —egin zien keinu grebalariei.
Poliziak ustekabean harrapatu genituen trumilka gainditu genituenean. Borrokak izan ziren, baina gutako gehienak polizia furgonetaraino iritsi, eta inguratu genuen. Babespeko etxeetako jendeak zirkulua egin zuen gure inguruan. Furgoneta astindu genuen.
—Aska itzazue! Aska itzazue! Aska itzazue!»
Argi Hizkiak

Badugu zer eraiki

Idazlea: Oliver Jeffers Argitaletxea: Txalaparta Urtea: 2020 Adina: 3-8

Sinopsia:

Aita-alaba batzuek elkarrekin eraikiko dituzte beren bizitzako oinarriak. Tresna bereziak erabiliz, lanari ekiten diote: oroitzapenak eraikiko dituzte gerora miresteko; etxe bat, biak babesteko; eta maitasuna, barrua berotzeko. Istorio nonahiko eta berezi bat gurasoen maitasun mugagabeaz, bizitzako aukera ugariez eta elkarrekin etorkizuna eraikitzeko behar ditugun gauzez. Oliver Jeffers artista arrakastatsuak eraikia.
Argi Hizkiak (1)

Filosofoa, txakurra eta ezkontza

Idazlea eta ilustratzailea: Barbara Stok Itzultzailea: Henrike Olasolo eta Uxue Alberdi Argitaletxea: 1545 argitaletxea
Urtea: 2026 Adina: 10 urtetik aurrera

Sinopsia:

Esku-eskura zuen denek desio zuten bizimodua. Muturreko erabaki bat hartu zuen, ordea. Lehen emakume filosofoetako bat izan zen Hiparkiaren bizitza kontatzen du eleberri ilustratu honek.

Grezia, K.a. IV. mendea. Hiparkia Atenasera doa, familia aberats bateko oinordekoarekin ezkontzeko asmoz. Hirira iristean, ordea, Krates filosofo zinikoa ezagutzen du, eta horrek betiko aldatzen dio patua. Ondasun materialik gabe bizi da Krates, nomada baten eran, eta bere ideiez eta austeritateaz kutsatzen du Hiparkia. Hala, etorkizuneko ezkonbizitza dirudunari buruzko zalantza sortzen zaio gazteari.
HH (21)

Touré-612 euro

Egilea: Jon Arretxe Argitaletxea: Erein Urtea: 2025

Sinopsia:

Bueltan da Touré, San Frantzisko auzoko igarle-ikertzaile berezia, bizilagun afrikarrentzat agurgarria, emakume zurientzat desiragarria eta polizientzat mespretxagarria. Bolada txar batetik pasatzen ari den momentuan ustezko anaia baten bisita jasoko du bere patera-pisuan, lekua egingo dio afrikar abegiaren izenean eta, erabaki horren erruz, arazo larriak sortuko zaizkio, lapurreta, droga-trafiko eta hilketa kasuetan belarrietaraino nahastuko dutenak.

19 kamera arrakastatsuaren ondoren dator 612 euro.Toureren sagako bigarren nobela hau ere Euskal Herriko ghettorik handienean kokatuta dago, Bilboko San Frantziskon. 612 euro instituzioek behartsuenei hilero ematen dieten kopurua da, sanfrantziskotar askoren baliabide bakarra bizirik irauteko.

Gordintasuna eta umorea konbinatuz, Jon Arretxek erritmo biziko eleberria eraiki du, irakurlea lehen orrialdetik harrapatu eta amaiera arte oharkabean daramana.
HH (22)

Murmur

Idazlea: Ane Labaka Mayoz Ilustratzailea: Raquel Samitier Argitaletxea: Erein Urtea: 2024

Sinopsia:

Artozkiri buruz dihardu irratiak, eta Iratiri zerbait printzatu zaio barruan. Gora eta gora egin du ur mailak, ustekabean. Arraildu dira urtegiaren hormak. Memoria ariketa sentitu bat da honakoa ama baten isiltasunaz eta alaba baten esanezinez osatua. XVIII. Peru Abarka Album Lehiaketaren irabazlea.
HH (1)

Ez da ahotsik behar

Idazlea: Armando Quintero Laplume Argitaletxea: Txalaparta Urtea: 2015 Adina: 2 urtetik aurrera

Sinopsia:

Animalia guztiek dute bere ahotsa. Ahotsarekin maitasuna adieraz diezaiokete elkarri eta gauza politak esan. Txakurrak zaunka egiten du, katuak miau, oiloak kakara, behiak marru, ardiak marraka, zaldiak irrintzi, otsoak ulu... Bakoitzak berea. Baina animalia guztiek ikasi dute ez dela ahotsik behar norbait maite duzula adierazteko.
HH (2)

Tapakia

Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga Argitaletxea: Erein Urtea: 2025 Adina: 6 urtetik aurrera

Sinopsia:

Aurreiritziz josita bizi da A. Bere tapaki zuri-zuria puskatu izana leporatu die bizilagun kanpotarraren seme-alabei. G.-k, hauen amak, etxe barrura gonbidatuko du A., tapakia konpontzen duen bitartean itxaron dezan. Pixkanaka A.-k bere susmo txarrak eta errezeloak alboratuko ditu. Hitzik gabeko albuma da Tapakia, irakurketa geruza desberdinak ahalbidetzen dituena.
HH (18)

Euritan

Egilea: Idoia Rodriguez Mondragon Argitaletxea: Elkar Urtea: 2025

Sinopsia:

Hamabost urteko neska lesbiana baten egunerokoa da hau. Maitasuna, harremanak, ikasketak, nerabezaroa eta helduaroa ditu hizpide.
HH (20)

Eresia. Hil-kanta aitari

Idazlea: Goiatz Labandibar Arbelaitz Argitaletxea: Elkar Urtea: 2025

Sinopsia:

Aitzol Agirreren alaba Talak urruntasun ironikoaren eta min esanezinaren artean biziko ditu aitaren heriotzaren dolu egunei dagozkien fase eta zeremonia guztiak: etxean, beilatoki intimoan, herriko hil-kaperan, Euskal Herri osoa zeharkatuko duen biran, agur ekitaldi instituzionalean eta mendi tontorretan eskainiko zaion agur herrikoian. Gizon publikoen gabezia pribatuak, familia-ereduak, kausa nobleen alde sakrifikatzen direnak eta beste hainbat gai lantzen ditu egileak, umore bixiz eta behako zorrotzez, eleberri labur baina sakon, esanguratsu bezain dibertigarri honetan.
HH

Gerezi banaezinak

Idazlea: Vivim Del Cuentu Argitaletxea: Ibaizabal Urtea: 2025 Adina: 4 urtetik aurrera

Sinopsia:

Zertan dabiltza frutak eta barazkiak? Ipuin hauetako fruta eta barazkiek hainbat egoerari egin behar diete aurre beren egunerokoan, haurrek beren familian edota eskola ingurunean egiten dituen bezala.
Gauza garrantzitsu bat ikasi dute Gereziek: gainerako fruta eta barazkiekin ere jolas egin dezakete.
Ezagutu Tomate lotsatia, Anana puntazorrotza, Tipula mainontzia eta Gerezi banaezinak.
Emozioz beteriko bilduma dibertigarria da hau.
HH (5)

Erreka bezala mintzo naiz

Idazlea: Jordan Scott Ilustratzailea: Sydney Smith Argitaletxea: Haria Urtea: 2026 Adina: 6 urtetik aurrera

Sinopsia:

Zer gertatzen da hitzak trabatuta geratzen direnean eta hitz egiten saiatzen zaren bakoitzean zure ahoan sustraiak botatzen dituztenean? «Goizero esnatzen naiz hitzen soinuak inguruan ditudala. Eta ezin ditut guztiak ahoskatu», kontatu digu istorio honetako protagonistak. Egun batean, aitak eskolatik jasotzen du, eta elkarrekin ibai baten ertzetik ibiltzen dira. Handik urak uhinak eta zurrunbiloak sortzen dituela eta harkaitzen kontra talka egiten duela ikusten dute. Txikia ohartzen da ibaiak ere totelka hitz egiten duela…
HH (16)

Rara

Egilea: Irati Bediaga Rementeria Argitaletxea: Elkar Urtea: 2025

Sinopsia:

Ispilu lanetan jartzen du idazleak irakurlea hamaika ipuinez osaturiko liburu honetan. Besteen begietara estrainoa izatez hitz egiten digu, erudagarri den hori zalantzan jarriz.
HH (4)

Barazkijalea

Egilea: Han Kang (itzulpena: Gema L. Las Heras) Argitaletxea: Elkar Urtea: 2025

Sinopsia:

Yeongye emazte zintzo, ohiko eta xarmarik gabe bat da, gau batez, senarraren ezusterako, hozkailuan duten haragi guztia botatzen duena, barazkijale bihurtzeko. Hortik aurrera, beste hainbat erabaki hartuko ditu bizitzan, zirt-zart, bere familia inarrosi eta noraezean utziko dutenak. Istorio bitxi bezain misteriotsua, azpian gure zibilizazio osoaren oinarriak kolokan jartzera datorrena.



HH (14)

Basati

Idazlea: Emily Hughes Argitaletxea: 1545 Urtea: 2023 Adina: 4 urtetik aurrera

Sinopsia:

Emily Hughesen album ilustratu eder honetan, natura baizik ezagutzen ez duen haur bat agertzen zaigu –txoriek erakutsi diote hizketan; hartzek, jaten; azeriek, jolasean–. Basatia da, lotsarik, mugarik, disimulurik gabe. Kontua aldatu egiten da, ordea, haren antzekoak-edo diren beste animalia batzuek harrapatzen dutenean: ez dute ongi hitz egiten, ez ongi jaten, ez jolasten. Harrituta geratzen da beren jarrerarekin, eta harrituago beren hormigoizko egituretan bizi dadin tematzen direnean: ez dute deus berderik, ez animaliarik, ez zuhaitzik, ez errekarik. Zibilizazioaren ustezko erosotasunean bizi da orain; egongo ote da, ordea, zibilizazioa berarekin eroso?
HH (15)

Tapakia

Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga Argitaletxea: Erein Urtea: 2025 Adina: 6 urtetik aurrera

Sinopsia:

Animalien inguruko hitzik gabeko album ilustratua da, tamaina txikikoa, orri bikoitza oinarri duena. Kultur aniztasuna eta desberdinarekiko errespetua bezalako gai sozialak jorratzen ditu tonu naif alaian. Saguen herri bat aurkezten da, egunerokotasunean. Protagonista aurreiritziz betetako agure edadetua dela dirudi hasieran, baina ondoren konturatzen gara komunitate oso bat ezagutzen dugula. Auzoko bi sagutxok lorategian eskegita duen tapakia nahi gabe apurtzean, agurea sagutxoen etxera joaten da familiari errieta egiteko.
HH

Sareak

Egilea: Eloy Moreno Olaria Argitaletxea: Cénlit - Denonartean Urtea: 2025

Sinopsia:

«Neskak ordu batzuk gehiago pasatu ditu influencerrek egiten dituzten bidaia liluragarriei, haien gorputz perfektuei eta egunero probatzen dituzten outfit guztiei begira. Eta gaizki sentitzen da, berak ezin duelako sareetan ikusten duen bizitza eraman, badakielako ezingo duela sekula halako zoriontasunik lortu».
Hunkigarria, zirraragarria, berezia… Sareak nobelak nerabe baten begietatik kontatzen digu gutako edonorena izan litekeen istorioa. Egileari asko gustatuko litzaioke berarekin harremanetan jarri eta liburua zer iruditu zaizun kontatuko bazenio.
ZENBAT LIKE BALIO DU
ZURE ZORIONTASUNAK?
HH (1)

Sotoan gordeak

Egilea: Miren Gorrotxategi Azkune Argitaletxea: Txalaparta Urtea: 2020

Sinopsia:

Guggenheimeko erakusketa batean ikusi du Norak itzal bat, iheska, lekuz kanpo: beste garai baten gomuta. Ondoan du Alex, galdetu arren erantzunik lortuko ez duena; ez, behintzat, berak nahi lituzkeenaren ahotik. Egun berean jasoko du Norak aitaren heriotzaren albistea, eta horrek eramanen du bikotea Noraren sorterrira, Vianara. Han, mahasti artean, galderak pilatuko zaizkio Alexi. Odolezko familian eta hautatutako familian isildutakoak, hitz erdiak eta estalitakoak zurrustan aterako dira, ardoa barrika pitzatuan nola, (H)Ilbeltza beka irabazlearen eleberri beltz honetan.
HH (5)

Eder txikia

Idazlea: Anthony Browne Argitaletxea: Txalaparta Urtea: 2024 Adina: 2-8 urte

Sinopsia:

Anthony Browne-ren obra ezinbestekoetarik bat, album samur bat, umorez zipriztindua, adiskidetasunaren eta elkartasunaren balioaz. «Eder txikia» liburuan, zeinu-hizkuntzan mintzatzen dakien eta nahi duen guztia daukan gorila bat bakarrik sentitzen da eta lagun bat eskatzen die bere zaintzaileei. Halaxe ezagutu zuen Eder katemea, zeinarekin esnea eta eztia hartu, paseatu, jolasten den… Zoriontsuak dira elkarren ondoan, harik eta, gau batean, film bat ikusten ari direla, gorila oso urduri, sutan jartzen den arte. Orduan, haren zaintzaileek biak banatzea erabakitzen dute. Une horretan, Ederrek gorilari begiratu eta adiskidetasunaren benetako balioa erakusten dio.
HH (8)

Gezurra

Idazlea: Frederique Bertrand Ilustratzailea: Catherine Grive Itzultzailea: Nahia Zubeldia eta Mirentxu Ibargarai
Argitaletxea: Haria Urtea: 2025 Adina: 4 urtetik gora

Sinopsia:

Gezur baten istorioa da hau. Disko gorri baten gisan agertzen da: handitzen da, biderkatzen da, neskato baten eguneroko bizia arrunt jateraino. Noizbait, lehertzen da, kolpez, egia agertzen den bezala.
Gezur hori zer izan den sekula ez dugu jakinen, baina albumak espiralabatean eramaten gaitu neskatoarekin batera, bere kezkak eta irudimenak neurriz kanpoko pentsaketak eragiten dizkiotelako.
Testu eta irudien arteko harreman estua baliatuz, albumak galderakpausatzen ditu, baina nehor ez du epaitzen. Irakurle gazteari zuzentzenzaio, bere barne bizia aintzat hartu nahian, azalpenik eman gabe etaheziketa xederik gabe.
HH (12)

Oraire

Egilea: Nerea Loiola Argitaletxea: Erein Urtea: 2025

Sinopsia

LIBURU HAU DESBERDINA DA. Istorio honetan gertatuko dena ZURE eskuetan dago. ZU ZARA PROTAGONISTA!
Misterioak, arriskuak eta abenturak aurkituko dituzu. Erabakiak hartu beharko dituzu eta enigmak ebatzi. Zure adimena eta abileziak erabili beharko dituzu. Erabaki txar batek hondamendia eragin lezake… eta heriotza ere bai!
Baina ez etsi. Edozein unetan egin dezakezu atzera eta beste aukera bat hautatu, zure istorioaren ibilbidea aldatu dezakezu.
Ezagutu ORAIRE eta murgildu zaitez abentura berri honetan. Agian mundu eta izaki berriak ezagutuko dituzu, agian gure munduaren etorkizuna zure esku egongo da, agian zure bizitzako abenturarik zirraragarriena izango da; edo agian ez, agian ezingo duzu inoiz etxera itzuli, agian indar ilunak gailenduko dira eta ezingo duzu gertatu zaizuna inoiz kontatu, agian dena amaituko da betiko.
Ausartuko zara? Gertatzen dena gertatzen dela ere, ZORTE ON!
HH (13)

Bisita

Egilea: Mikel Pagadi Argitaletxea: Elkar Urtea: 2025


Sinopsia

Plater hegalari bat iritsi da Lur planetara, estralurtarrak etorri dira gugana, baina ez dute lur hartu ez Dakotan ez Minessotan, baizik eta Euskal Herrian zehazkiago, Anoeta herriko bi baserriren arteko soroan. Mundu osoa aztoratuko du gertakari horrek, baina batez ere bertakoak: zer da objektu hegalari ezezagun hori? Nondik dator? Zer nahi dute? Zer egingo dugu? Mikel Pagadizabal aktore, aurkezle eta gidoigileak umore ganberroz idatzitako zientzia-fikziozko nobela.
HH (3)

Baga biga higa

Idazlea: Maria Giron Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka Urtea: 2024 Adina: 4 urtetik aurrea

Sinopsia:

Liburu honek txango dibertigarri bat kontatzen du, errimaz eta erritmoz. Kanta tradizional bat hartu, muturreraino errimatu, eta edonoren gozagai bihurtu du. Jolasten hasteko lagunen bila, tinbrerik tinbre, ibiltzen gineneko garaiarekin bat egingo dugu helduek. Haurrek, berriz, errepikapenaren eta ezustearen plazeraz gozatuko dute. Album ilustratu freskoa da honakoa, adiskidetasunaren eta zoriontasunaren gorazarrea. Modu harmonikoan uztarturik daude jolasa, askatasuna, mugimendua eta umorea.
HH

Barruko hotsak

Idazlea: Leire Bilbao Ilustratzailea: Maite Mutuberria Argitaletxea: Pamiela Urtea: 2021 Adina: 8 urtetik aurrera

Sinopsia:

Poesia liburu ilustratua da. Haur bat esnatzen denetik lokartzen den arteko egunerokoa soinuen bidez adierazten da liburuan. Eguna soinuen bidez kontatzen da, soinu horietako batzuk barneratuak ditugu, beste batzuk oharkabean pasatzen zaizkigu eta badaude, entzun arren, erreparatzen ez ditugun soinuak. Poemetan kaligrama eta onomatopeia ugari ageri dira. Liburua hamar kapitulutan dago banatuta eta ilustrazioek kapituluen hasierako lehen orrialdeak hartzen dituzte, hasierako orrialde bikoitzak eta hurrengo orrialdea hain zuzen ere, kapituluen amaieran, berriz, azken orrialde bakuna. Ilustrazioetan gorputza da protagonista eta irudiak testutik abiatzen dira.
HH (10)

Memoriaren giltza

Egilea: Ramon Olasagasti Aiestaran Argitaletxea: Erein Urtea: 2025 Adina: 12-16 urte

Sinopsia:

Indio eta Tania sarri ibiltzen dira Ezkaba mendiko baso, bidezidor eta hegietan, zer suma, zokomiran. Arratsalde batean ikusitakoak, ordea, asaldatuta utzi ditu erabat. Zer dira eskeleto horiek? Zer da gizon-emakume horiek hezurren artetik atera duten botila hori? Ondoko egunetan, beste aurkikuntza garrantzitsu bat egingo dute Zubixarreko siman: giltzatzar herdoildu bat.
Ezustean, iraganeko hainbat pasarte ilunen ateak zabalduko dizkie giltza horrek: Ezkabako gotorlekua espetxea zen garaian gertatu zen ihesaldi harrigarriaren berri jakingo dute, eta giltzapean egondako memoriak askatzen lagunduko dute.
HH (11)

Ahotsak

Egilea: Toti Martínez de Leze Argitaletxea: Erein Urtea: 2025

Sinopsia:

AHOTSAK, hamabost narrazio labur, istorioak kontatzeko hamabost modu desberdin, hausnartzera, sentitzera, barre egitera garamatzatenak, Toti Martínez de Lezearen maisutasun literarioari esker, zeinak, beste behin ere, bere errealitate eta fantasiazko mundu berezian murgiltzen gaituen, irakurleek hainbeste gozatzen duten mundu horretan.
An image of...

Dortokaren ametsa

Idazlea: Alberto Celdrán Ilustratazailea: Ruth Bañón Itzultzailea: Patxi Zubizarreta Argitaletxea: 1545 Urtea: 2025
Adina: 3 urtetik aurrera

Sinopsia:

Dortokaren ametsa ipuinak Senegalgo ahozko tradizioan du sorrera. Munduaren jatorria azaldu nahi du eta Afrikako lur koloretsuaren eta biziaren magia dario. Behin batez, dortoka batek zuhaitz miresgarri batekin egin zuen amets: era guztietako fruituak zituen eta lurreko animalia guztiak asetzeko gai zen. Baina hura aurkitu ahal izateko, animaliek amona Kokoren etxolaraino bidaiatu behar izan zuten, hark bakarrik baitzekien zuhaitza nola aurkitu. Batzuetan, gure ametsak betetzeko, besteei aurre egin, geure mugak gainditu, eta aurrera begira ibili behar izaten dugu: beti aurrera begira.
HH (9)

Joemak eta polasak

Idazlea: Iñigo Astiz Ilustratzailea: Maite Mutuberria Argitaletxea: Elkar Urtea: 2019 Adina: 7 urtetik aurrera

Sinopsia:

Nork esan du poesia gauza serioa izan behar duela? Poema liburu honek letrekin, hitzekin, esanahiekin eta soinuekin jolasteko gonbidapena luzatzen dio irakurleari. Irakurketa aktiboa eskatzen du, idazle eta ilustratzailearekin batera jolastuko du irakurleak. Umorearen bitartez hizkuntzaren eta esanahien inguruan hausnartzeko gonbidapena da. Jolas mota desberdinak eskaintzen dira liburuan.
HH

Lukasen panpina

Idazlea: Alicia Acosta Ilustratzailea: Luis Amavisca Argitaletxea: Nubenucho Urtea: 2021 Adina: 2-6

Sinopsia

Lucasek panpinak maite ditu. Gurasoek oparitzen diotenean, haurra hunkitu egitend a eta korrika joaten da berarekin jolastera. Parkean, eskolako haur batek amorrazteko kentzen dio eta… panpina puskatu egiten da! Istorio samurrak gogorarazten digu ez dagoela neskentzako eta mutilentzako gauzarik.
HH (2)

Oharra

Idazlea: Pilar Serrano Ilustratzailea: Daniel Montero Argitaletxea: Pamiela Urtea: 2022 Adina: 6 urtetik aurrera

Sinopsia

Liburu zabalgarri honek auzo batetik garamatza etenik gabeko irudietatik. Orririk orri, ohar hori batek egiten duen bidea jarraituz auzokide askoren aurkezpena egiten zaigu ohar misteriotsuan zer jartzen duen bukaera arte ez dakigularik. Gainera, liburua erabat zabaltzen da eta barruko aldean, pertsonaia guztien aurkezpena egiten zaigu beraien irudia eta biografia txiki zelebre bat kontatuz.

Atzealdean auzo honetan ikusiko ditugun pertsonaia guztiak aurkezten zaizkigu, informazio gehigarriarekin: lanbidea, gustuak, ohiturak... Istorio nagusia oharrak egiten duen ibilbidearekin osatzen den arren, beste hainbat istorio xumeago aurkituko ditugu, guztiak ilustrazio bitartez kontaturik. Sagutxoa, txoriak edo katua jarrai ditzakegu, aitonak zer egiten duen ikusi... eta beste hainbat kontu pertsonai ezberdinei jarraituz.
HH (1)

Piztiaren begiak

Idazlea: Alberto Ladron Arana Argitaletxea: Elkar Urtea: 2012

Sinopsia

Kartzelan urteak pasatu eta gero, iraganeko zorrak garbitu nahi dituen gizasemea, batetik; negozio ilunak tarteko postutik baztertu zuten eta bere bizkarra zaindu behar polizia, bestetik. Ehiztari-sena dute biek, eta bata bestea harrapatu nahian dihardute, eginahal guztian. Erdian, berriz, nora ezean dabilen koitadu bat, duela urte batzuk bere familia ezbehar batean galdu zuena, eta orain familia berri bat osatu nahi lukeena.

Alberto Ladron Aranak ohiturik gauzkan maisutasunez josi ditu eleberri bizi-bizi honen hariak, misterioa eta suspensea erabiliz irakurlearen arreta bereganatzeko.
HH (3)

Euri beroak

Idazlea: Iban Garro Alzuri Argitaletxea: Erein Urtea: 2025

Sinopsia

Ihesi bizi gara nork jarraitzen digun jakitera ausartu gabe. Liburu honek gelditu eta gibelera begiratzen lagunduko dizu, agian sorpresa bat jasotzeko, agian nonbait daramazun istorio gogorren bat ezagutzeko.
HH (6)

Lotto

Idazlea: Haira Aizpurua Ibargarai Argitaletxea: Haria liburuak Urtea: 2025 Adina: 0-6 urte

Sinopsia:

Sehaska bidaia. Irakurri eta aldi berean entzuteko kontakizuna.
HH (5)

Txangoan txiripaz

Idazlea eta ilustratzailea: Josephine Mark Argitaletxea: Astiberri Urtea: 2023 Adina: 9 urtetik aurrera

Sinopsia:

Eleberri grafikoa da, zinemako roadmovie-en antzera, bidean doazela gertatzen den ihesaldi/jazarpen baten kronika.
Otsoa eta minbizia duen untxia dira protagonistak, eta antagonistak ehiztaria eta ehiza zakurra. Komikiak, bi heroien arteko harremana nola gauzatzen eta estutzen den hartzen du oinarri. Elkar ezagutzen ez duten otsoa eta untxia medikuaren kontsultan daude; untxia minbiziaren kontrako tratamendua hartzen dabil eta otsoak zauria du. Bat-batean ehiztari baten tiroek kontsulta hankaz gora jartzen dute. Zalaparta haren erdian, otsoarengana zuzen zihoan bala untxiaren tantakoaren pertxak desbideratu egiten du, otsoari bizia salbatuz. Segidan biek elkarrekin ihes egiten dute, ehiztaria atzean utzi nahian. Hortik aurrera hainbat abentura biziko dituzte elkarrekin: ehiztariaren kotxea lapurtu, minbiziaren kontrako tratamenduak sortzen dituen albo-ondorioei aurre egin, ehiztariaren jazarpenari aurre egin, Axun hartza ezagutu, etab.
An image of...

Puntobobo

Idazlea: Itxaso Martin Zapirain Argitaletxea: Erein Urtea: 2025

Sinopsia:

Ez da normala izango, esan zion medikuak haurrak urtebete zuenean. Jaio aurretik, ordea, Amak jakin bazekien barruan zeraman haurra ez zela besteak bezalakoa izango. Amak alaba etxean isolatu zuen, eta herritarren txutxu-mutxuak areagotu egin ziren. Hain zen estua bien arteko harremana, beste alaba baten jaiotzak ez baitzuen hori haustea lortu.

Etxe heze eta ilunean sustraituko dira hiru emakumeak, asinkronia batean; bizilagunen usteak inguratuta, sufrikarioen artean, patu ankerrari begira. Etxe horretan ez dira, inolaz ere, hain erraz ustelduko sekretuak.

Emakumeen sufrimendua, osasun mentala eta familiarteko dinamikak ardatz ditu Puntobobo eleberriak. Itxaso Martinek ez du eufemismorik erabiltzen; estilo intimista eta soil batez idatzi du istorio honen errealitate gordina. Ez da eleberri kostunbrista bat, protagonisten psikologian sakonduz idazleak ateratako argazki gardena baizik.
HH

Bonobo betaurrekodunen egiazko historia

Idazlea: Adela Turín Argitaletxea: Pamiela Urtea: 2024 Adina: 4-10

Sinopsia:

Orain dela urte asko eta asko, hainbat bonobo oihanean bizi ziren, mangladi batean. Egun guztia fruitu eta baiak, intxaur eta haziak, sustrai eta kimu berriak jaten ematen zuten, eta, bonobo emeak lan eta lan aritzen ziren janaria biltzen, helduentzat eta umeentzat.

An image of...

Beldurrak airean

Idazlea: Aitor Arana Argitaletxea: Ibaizabal Adina: 12-14 urte

Sinopsia:

Zazpi kontakizun esperientzia zirraragarriak bizi nahi dituztenentzat. Ausartuko al zara?
Beldurrezko ipuinotan irakurleak lauso ikusiko du naturaren eta naturaz gaindikoaren arteko muga. Zer ari da gertatzen? Amesgaiztoa ote da? Erokeria? Hilketa?
Pertsonaiek egiazko nortasuna dute. Iragana dute. Traumak bizi izan dituzte.
Gizakiak dira, kontraesan eta guzti. Irakurleari askotariko sentimenduak sortuko dizkiote.
An image of...

Zuhara. Itsasoaren deia

Idazlea: Amaia Telleria Mujika Argitaletxea: Alberdania Urtea: 2021 Adina: 11-14 urte

Sinopsia:

Zuhara lekuz kanpo sentitu izan da beti. Ingurukoekin asmatu ezinik, ezberdina, arraroa sentitzen da. Besteen aldean hutsala eta aspergarria. Bere urrezko adatsekin eta ozeanoaren koloreko begiekin, munduan galdua.

Bat-batean, azaleko alergia batek zabalduko du familiako sekretuen kutxa. Bizitza hankaz gora jarriko diona. Ustekabean, amak bizitza berri baten aurrean jarriko du Zuhara.

Itsas azpian bilatu beharko ote du bere iparra?
Bigarren aukera izango du neskatoak. Bere tokia bilatu beharko du jendarte erabat berri batean. Sortzen zaizkion egoera arrotzei aurre egin, eta bidean bere benetako nortasuna ezagutzen hasi. Ez du erronka makala. Baina garbi dauka ezin duela huts egin.
HH (5)

Francesco Pasqualeren bosgarren arima

Egilea: Unai Elorriaga Argitaletxea: Susa Urtea: 2024

Sinopsia:

Zerriak, heriotza goiztiarregiak, gogotik joaten ez diren umetako lagunak, erdiminak, esnea, gurdiak, askotariko gaitzak eta ur-azalean barreiatutako partiturak. Irudi horiek gailendu ziren, besteren artean, Francesco Pasqualeren egunetan.

Saprin jaio zen, Italia hegoaldean, eta Richard Wagner, Robert Schumann eta Giuseppe Verdi konpositoreekin konpartitu zuen bere mundualdiaren parte handi bat. Galdaragile familia bateko semea, orduko giro politikoan nahasi, eta Mediterraneo itsasoaz bestaldera jo zuen, harik eta Bermeora heldu zen arte.

Haren arrastoari segika, XIX. mendeko Europa mendebaldean zabaldutako giza mapa bat eskaintzen du Unai Elorriagaren zazpigarren nobelak. Beregainak diren atalekin eraiki du kontakizuna idazleak, elkarren segidan jarrita oihartzuna puskaz harago hedatzen dutenak; hitz lauz eta urarena halako musika itsaskorrez.
HH (3)

ETA UNTXIAK ENTZUN

Idazlea: Cori Doerrfeld Argitaletxea: Txalaparta, TXO! Urtea: 2021 Adina: 4-10

Sinopsia:

Ezuste desatsegin baten ondoren, Taylorrek ez daki norengana jo. Animalia guztiek uste dute berek dutela irtenbide onena. Banan-banan, animaliek nola jokatu esaten diote Taylorri, eta banan-banan huts egiten dute kontsolamendua ematen. Orduan, untxia heldu da. Untxiak entzun eginen du, ez besterik. Hain zuzen Taylorrek behar duen hori.
HH (2)

KLERA

Idazlea: Leire Bilbao Ilustratzailea: June San Sebastian Argitaletxea: Elkar Urtea: 2024 Adina: 8 urtetik aurrera

Sinopsia:

Gogoeta egitera gonbidatzen duen zentzumen-esperientzia bat da album hau. Gerra gaitzat hartuta, disziplina anitzeko albuma osatu dute: testuaz eta ilustrazioez gain, musika, dantza eta antzezpena ere uztartzen ditu, liburuan zehar dauden QR kodeak erabilita ikus eta entzun daitezkeenak.

Gerra baten erdian bizi den haur bat da narratzailea. Begien aurrean ez du bere etxerik ikusten, lorategirik... Ez du kolorerik ikusten, hautsa besterik ez, hautsez bete zaizkio begiak, belarriak, bere barru osoa. Amonak adi ibiltzeko eskatzen dio, ez aldentzeko bere ondotik. Baina haurrak iturrira joan nahi du eta begiak garbitu, belarriak, lehen bezala ikusi ahal izateko, lehen bezala sentitu. Ezkutalekutik irten eta bere pausuek hondatutako eskolara daramate. Han, koloretako klera bat aurkitu eta marrazten hasten da. Etsaiaren tiroak gertu entzuten dituenean, leherketa batek eten egiten du unea. Norbaitek eskutik heldu dio. Heriotza joan da bere bila. Eskatu dio, ea klera bat hartu dezakeen, lorategi bat marraztu ahal izateko. Eta Heriok, munduko lorategirik ederrena marrazteko esan dio, eta nahi duen guztia.
HH (3)

IZOTZ AZPIAN

Idazlea: Michael Escoffier Argitaletxea: Ttarttalo Urtea: 2024 Adina: 4tik gora

Sinopsia:

Album ilustratu honek kontakizun laburra eskaintzen du, bi eszenatoki paraleloetan garatua: izotz gainean inuita gaztea arrantzan, eta izotz azpian arraintxo bat zulorantz jana bila. Egoerak paraleloak dira, eta gai nagusiak laguntasuna, kooperazioa, erresilientzia eta enpatia. Amaieran, albumak bestearen lekuan jartzera gonbidatzen du irakurlea. Tonua bizia eta umoretsua da.

Istorioa orrialdez orrialde pilatzen doa: bi protagonistek laguntzaileak biltzen dituzte norabide kontrakoan tiraka aritzeko, eta tentsioa goraka doa, haria apurtu arte. Arraintxoa, libre, pozik geratzen da bere mokadu goxoarekin.

Bi planoak urdin eta zuriaren erabilerari esker argi bereizten dira. Testuak, izotzaren erdiko geruza urdin argian kokatua, esaldi laburren bidez narrazioa osatu eta anbiguotasunez jokatzen du, bi ikuspegietara egokitzeko moduan.
HH (6)

GAU BELTZ ON

Idazlea: Karmele Mitxelena Etxebeste Ilustratzailea: Naiara Mitxelena Etxebeste Argitaletxea: 1545 Urtea: 2024

Adina: 6tik gora

Sinopsia:

Gau Beltz on album ilustratua da, euskal tradizioan Arimen Gaua izenez ezagutzen den Gau Beltza berreskuratzen duena.

Narrazio intimista eta iradokitzailearen bidez, amaren galeraren ondoren lehen aldiz Gau Beltza biziko duen neskatilaren begiradatik kontatzen da istorioa. Albumak dolua eta beldurrak gainditzearen inguruko gaia jorratzen du, eta aldi berean belaunaldiz belaunaldi transmititutako erritual eta ohiturak erakusten ditu. Udazkeneko giroan kokatua, neskatilak bere beldurrak aurrez aurre biziko ditu: mozorrotzea, arbolaren ureztatzea, herriko errituan parte hartzea eta basoaren zeharkaldia bakarrik egitea.

Ilustrazioetan argiztapenaren erabilera nabarmena da: ilunabarreko itzaletatik egunsentiko lehen printzetarako trantsizioak emozioen garapena laguntzen du.
HH (7)

MIÑAN

Egilea: Amets Arzalluz eta Ibrahima Balde Argitaletxea: Susa Urtea: 2019

Sinopsia

Amak hala eskatuta anaia txikiaren bila abiatu eta, beste askok bezala, Afrikatik Europarako bidea egin duen Ibrahima Balderen bizitzaren kronika kontatzen du liburuak, lehen pertsonan, Ibrahima bera baita narratzailea eta Amets Arzalluz, kontakizuna idatziz biribildu duena. Mendebaldea migranteak deshumanizatzeko ahalegin betean ari den garai honetan, ezinbesteko liburua da Miñan, egunero zenbatzen diren etorkin horietako bakoitzaren atzean bizitza bat, familia bat, bide luze eta gogor bat, eta amets batzuk daudela gogorarazteko bada ere. Kontakizuna Ibrahimaren bizitza bezain gordina da, basamortua gurutzatzea lortu duen pertsona batena; pasatzaileak, poliziaren indarkeria, bahitzaileak, egarria, gosea, mina… eta miñan, anaia txikia da pular hizkuntzan, minez betetako bere bidearen abiapuntu nagusia.
HH (8)

DENA ZULO BERA ZEN

Egilea: Eider Rodriguez Martin Argitaletxea: Susa Urtea: 2025

Sinopsia

Sute arrisku handieneko urte-sasoia da kanikula, uda-mina, eta hark ematen dio izena liburu honetako sei istorioetan lehenari. “Nor zara?”, galdetzen dio pertsonaietako batek besteari. “Ur asko eta beste elementu batzuk, zu bezala”, erantzuten dio.

Zerua argi egon arren, arnasa hartzea hain erraza ez den paisaia bat hedatzen da liburu honetan. Edertasunaren eta heriotzaren igurtzi amaigabean, bakea ez, egia aitzurtu nahia da protagonista. Laguntasuna eta sentsualtasuna ageri dira, olatu artifizialak eta uharteak, doluen aurreko doluak, zorion moderatua, esku batzuek egin dezaketena baina sekula egingo ez dutena. Inoiz baino gorputzago sentitzen den jendea —hortzak, hazia, hezurrak—, eta, tarteka, inoiz baino hondakinago, zakarrak eta ametsak, biak, eguzkitara ateraz.

Hendaian, Bordelen, Donostian, Irunen, Koh Pha Ngan-en, Hondarribian, Errenterian; elkar besarkatuta kabitzeko moduko zulo txiki batekin aski zatekeen. Gauza guztien azken aldi bat —eta ondorioz lehena— Eider Rodriguezen bosgarren ipuin liburuan.
footerra
facebook instagram twitter youtube website