Haurtzaro Ikastolaren barne komunikaziorako buletina. Ikusi mezu hau zure nabigatzailean
logoa

27
zenbakia



2025eko martxoaren 21a

Social Group Education Presentation In Colorful Illustrated Style (2)

Berri Orokorrak

1. Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako eguna

Martxoaren 21a arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna da eta aurten gure agenda morearen barneko lanketan garrantzia berezia eman nahi izan diogu, justizia soziala gure bizikidetzaren proiektuaren oinarrietako bat dela sinesten baitugu. Egunerokoan ditugun jarrerez eta aurreiritziez ohartzea eta gurean beso-zabalik edonor jasotzeko eta zaintzeko zein erronka ditugun pentsatzea izan da lanketaren helburu nagusia. Familietan ere gaiari buruz hitz egitea eta elkarrekin hausnartzea interesgarria litzateke, denok baitugu zer pentsatua, zer egina eta zer eragina komunitatean.

Gure ikastolako komunitatea, gure herria bezalaxe, harrera ikastola dela gogoratu dugu gaurkoan, eta horrela jarraituko dugu hemendik aurrera ere, denok baikara gure ikastolan ongi etorriak!

2. Erailtzen ari direnak gure haurrak ere badira. Aski da!

Israelgo armada sionistak, AEBren laguntzarekin, su etena apurtu eta beste sarraski bat egin du. Lotan ziren bitartean, 400 zibil palestinar baino gehiago erail ditu ordu gutxitan, horietako gehienak haurrak. Beste behin ere, Palestinako herriaren suntsipen sistematikoaren lekuko izan behar dugu. Gure barrenak berriz ere irauli dizkigute eta inpotentzia nagusi da. Jada suntsitua den herrialdean, hondakin artean bizi diren gizon, emakume eta haurrak, bonbardatzen ari dira inolako bereizketarik gabe.

Bien bitartean, Europak beste aldera begiratzen du, lotsagabeki. Ezin gara isilik geratu. Ezin dugu basakeria hau normalizatu. Erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabatzat hartu, guraso horiek gure arreba-anai bezala sentitu eta lau haizetara oihukatu behar dugu: ASKI DA!

Gure gobernu eta erakundeei genozidio honen aurka argi eta tinko posiziona daitezela eskatzen diegu. Euskal herritarrok sarraski honen konplize izan ez gaitezen neurriak har ditzatela.

Horregatik, Ikastola, eskola eta institutu guztiak Palestinarekiko elkartasunean eta bereziki haur palestinarren defentsan URGENTZIAZKO KONZENTRAZIOAK burutzera deitzen ditugu.

2 deialdi egingo ditugu:
1. DEIALDIA:
Data: Astelehenean, martxoaren 24ean
Lekua: Ikastolako sarrera nagusian
Ordua: 14:15ean.


2. DEIALDIA:
Data: Astelehenean, martxoaren 24ean
Lekua: Jantokiko aretoan
Ordua: 16:50ean.


Altxa ditzagun gure ahotsak denontzako etorkizun duin baten alde. Okupazioaren, apartheidaren eta genozidioaren aurka. Sarraskiaren eta zigorgabetasunaren berehalako amaiera exijitu dezagun!

Sionismoa gizateriaren etsaia da eta Palestina askatzea ez da aukera bat, denontzako betebehar bat baizik!

Euskal Herriko Ikastolen elkatea

3. Guraso ordezkarien bilera: martxoak 24, astelehena.

Guraso Ordezkariek bilera egingo dute martxoaren 24ean, astelehenean, 17:00etan, jantokiko goiko solairuan.
Gogoratu bilera irekiak direla eta guraso guztiak gonbidatuta zaudetela.

Asteleheneko saioa berezia izango da, geletan landutako arrazakeria eta xenofobiaren aurkako egunaren testuinguruan, jazarpenaren inguruko lanketa egingo da. Etor zaitezte denak! Zaintza ere eskainiko da.

4. Bertso saioa Biriatuko Ikastolaren alde

Bertso saioa 2025_page-0001
Apirilaren 5ean Seaskako Biriatuko Ikastolaren aldeko bertso saioa ospatuko da, arratsaldeko 17:00etan, Biriatuko herriko elizan. Bertsozaleentzat eta euskalzaleentzat aukera paregabea da gure kulturaz gozatzeko. Gonbidatutako bertsolariak ondorengo hauek dira: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Miren Artetxe, Alaia Martin eta Aimar Karrika.
  • Sarrerak 15 eurotan eskura ditzakezue (haurrak urririk) Biriatuko Xoldo tabernan ala Pausuko Xaia ostatuan eta whatsappez erreserbak egin daitezke ondorengo bi zenbakietan: 0033688769907 edo 0034647642393
Saioaren amaieran pintxo-potea izango da Xoldo tabernan.
Anima zaitezte!

5. Errigoraren kanpaina, egin duzu zure eskaria?

gainburua horizontal 2
Martxan da Errigoraren Nafar hegoalde eta erdialdeko uzta eskutik eskura kanpaina, martxoaren 26ra arte. Kanpaina honetan parte hartuz:
  • Bertako elikagaien alde egingo duzu.
  • Euskara indartuko duzu.
  • Auzolana bultzatuko duzu.
  • Ekoizpenean bidezko harremanak sustatuko dituzu.
Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, ardoak eta arroz-, pasta-, lekale- eta kontserba-sortak dituzu aukeran ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta. Guztiak dira kalitate bikainekoak eta guztiek daramate Errigora Balioak berme-zigilua.

Animatu eta parte hartu! Webgunea: www.errigora.eus

Banaketa
Banaketa apirilaren 30etik aurrera egingo dute. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua (Haurtzaro Ikastola, idazkaritza) eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. 200 bat herritan daude banaketa-guneak.

Ordainketa
Webgunean bertan, txartel bidez. Zure eskaera 150€tik gorakoa bada eta kreditu txartela erabiltzen baduzu, ordainketa bi zatitan egiteko aukera izango duzu. Kreditu txartelaren informazioa adierazterakoan eskaeraren erdia kobratuko zaizu eta bigarren zatia apirilean kobratuko dugu automatikoki (abisua jasoko duzu emailean eragiketa egiterakoan).

6. Badator euskaraldia. Eman izena!

euskaradia3
Datorren maiatzaren 15ean Euskaraldiaren 4. edizioa abiatuko da. Haurtzaro Ikastolak, herriko talde dinamizatzaileko kideak, izena eman du entitate bezala eta bere 16 urtetik gorako kide guztiak animatu nahi ditu bat egin dezaten ekimen honekin.
Joan den martxoaren 15etik irekita dago maiatzaren 14a bitarte, norbanakoen izen-ematea.
Esteka honetatik bat egin dezakezue:
https://izenematea.euskaraldia.eus/

7. Mitologia, misterioa, herri usadioa... Ihoteak gure ikastolan ikus-entzunezkoa

Ihoteak_youtube
Ihoteak gure Ikastolan bereziki kuttun ditugun egunak dira. Herriko usadiotik jaso dugun ezagutza, maitasuna eta zaintza oinarri hartu eta egungo jaia komunitatean ospatzen dugu. Aurten Ihote ostirala ikastolan nola ospatzen dugun jaso nahi izan dugu eta ikus-entzunezko hau prestatu dugu.

Milesker Asier, ikus-entzunezkoan hain ongi jasotzeagatik egun honetako gure poza, ilusioa eta lilura. Eta milesker, era berean, bideoan parte-hartu duzuen guzti-guztioi, Beñat, Irati, Zesar, Iosune eta gainerako kide guztiei.

IKUSI NAHI?

8. AskHezi euskarazko diktaketa-sistema berria, dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteentzako lagungarri

ASKHEZI_2
AskHezi plataforma aurkeztu du Ikastolen Elkarteak prentsaurrekoan. Euskarazko diktaketa-sistema berri hau dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteentzako lagungarria izango da, idazketa-prozesua errazteko eta inklusibitatea sustatzeko.
Adimen artifizialean oinarritutako tresna honek euskarazko hizketa testu bihurtzen du, eta ahozko komandoen bidez aldaketak egin edo akatsak zuzendu daitezke. Sistema hau haurren ahotsekin funtzionatzeko entrenatu da, eta proiektua Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatu dute, Languneren aholkularitzarekin. Garapen teknologikoa Orai NLP adimen artifizialeko zentroak egin du, eta proiektua aurrera eramateko Euroeskualdeko hiritartasun-programak eta SPRIk finantzatutako dirulaguntzak izan ditugu.

Euskal Herriko Ikastolok ekarpen garrantzitsua egin diogu diktaketa sistemari, hainbat ikastolak parte hartu dute haurren ahotsen grabaketan, sistema behar bezala entrenatzeko.

Plataforma garatuta dago, eta orain erronka nagusia bere erabilera zabaltzeko baliabideak lortzea izango da.

Gehiago jakin nahi baduzu klik egin hemen.

Eskolaz kanpoko ekintzak

1. Mendi Taldearen irteera:
martxoak 30

  • Eguna: 2025/03/30, igandea.
  • Irteera: 9:00etan Ikastolako parkinetik.
  • Itzulera: 13:00etan.
  • Ibilbidea:: 7,6 Km.
  • Izena emateko epea: martxoak 27, osteguna.
  • Izen ematea: EGIN KLIK HEMEN
    MendiTaldea

    Apartekoak

    1. Literatura Plazara ekimena

    Yolanda Arrieta
    Irakurketa festa herrikoia
    Gazteen idazketa tailerra (1)
    PUF bertso saio musikatua
    1545 argitaletxeko kideek hirugarrenez antolatu dute Literatura Plazara ekimena. Euskara, jalgi hadi plazara argitaratu zuen Bernat Etxeparek 1545. urtean; Literatura, jalgi hadi plazara diote haiek orain.

    Adin guztietako literaturzaleentzat egitarau oparoa antolatu dute. Hona hemen ekintza sorta:

    • Martxoak 22, larunbata, Udalbatza aretoan.
      • 11:00etan, ipuin kontaketa. Yolanda Arrietaren eskutik, 4-7 urtekoentzat.
      • 12:00etan, ipuin kontaketa eta idazketa tailerra. Yolanda Arrietaren eskutik,
        8-12
        urtekoentzat.
    • Martxoak 23, igandea, 11:00etan, Udalbatza aretoan.
      Luma Kantaria. Joseba Sarrionandia eta Idoia Beratarbide irakurleekin solasean.
    • Martxoak 24, astelehena, 17:30ean, Liburutegiko ganbaran. LH 2ko irakurle talde berezia, Amaia Egidazurekin.
    • Martxoak 26, asteazkena, 19:00etan, Arizmendienean. Pote filosofikoa. Iñigo Martinez eta Olatz Mitxelenarekin, Pantailen garaipena liburutik abiatuta.
    • Martxoak 28, ostirala, 18:00etan, Kontzejupe plazan. Irakurketa festa herrikoia. Zatoz zure liburuarekin!
    • Martxoak 29, larunbata, 10:30ean, Ehuntze espazioan. Literaturan jolasa gauza serioa da. Idazketa tailerra 12-18 urteko gazteentzat.
    • Martxoak 30, igandea, 18:00etan, Landetxen.
      PUF bertso saio musikatua. Alaia Martin, Amets Arzallus eta Miren Artetxe. Ainhoa Urienek gidatu eta Patxi Amulet zein Bastien Mariannek musikatua (sarrerak erosi, hemen).

    2. Abaraxka: Oiartzungo txokoak ezagutzen

    Martxoaren 22an, larunbata, 16:30ean, ludotekan elkatu eta Gurutzera joango dira Oiartzungo txokoak ezagutzera. Bertan, jolas batzuk egingo dituzte.

    Animatu zaitezte!

    Oharra: 0-5 urteko haurrak heldu baten laguntza izatea eskatzen da.
    MARTXOAK 22, LARUNBATA

    3. Menpekotasun mota ugariz arduratuta, martxoak 27, bilera irekira gonbidapena

    WhatsApp Image 2025-03-17 at 09.33.19

    4. Berrialaguna: Gazteok ere erein dezagun hazia

    berrialaguna
    BERRIAren lurra emankorra izan dadin aurrerantzean ere, proiektuak gazteen eskuak behar ditu. 30 urte baino gutxiago badituzu, egin 30 euroko ekarpena, eta eskuratu EHZrako hiru eguneko bonua. Baliatu eskaintza martxoaren 30a baino lehen edo bonuak amaitu aurretik.
    footerra
    facebook instagram twitter youtube website