Haurtzaro Ikastolaren barne komunikaziorako buletina. Ikusi mezu hau zure nabigatzailean
logoa

13.
zenbakia



2023ko abenduaren 1a

Berri Orokorrak

1. Abenduaren 19a: kontuan hartzeko ohar garrantzitsuak

Abenduaren 19a izango dugu hiruhileko honetako azken eguna, eta eguerdian bukatuko dugu, 12:00etan.
  • JANTOKI zerbitzuaren antolaketa:
    • HH eta LHko ikasleek 12:00etan bazkalduko dute, eta zerbitzua 14:30ean amaituko da.
    • DBHko ikasleen egun horretako ordutegia 10:00-12:00 izango da eta 13:15ean bazkalduko dute. 12:00-13:15 bitartean zaintza izango dute, eta jantoki zerbitzua 14:30ean amaituko da.
    • Jantokian geratzen diren 3 urteko haurrek siestarik ez dute egingo egun horretan.
    • Abenduaren 19ko aldaketak adierazteko epea abenduaren 12an BUKATZEN da.
      • Astearteetako erabiltzailea bazara eta EZ baduzu erabiliko, INPRIMAKIA bete behar duzu: https://forms.gle/ZyMtBf67ULZQiaaP7. Ondoren adierazitako bajak kobratu egingo ditugu.
      • Asteartetako erabiltzailea ez denak eta EGUN HORRETAN JANTOKIA ERABILI NAHI DUENAK idazkaritzan adierazi behar du, ohiko bideetatik.
  • Eskolaz kanpoko ekintzarik EZ DA IZANGO.

2. Batzar Nagusia: abenduak 13, asteazkena

Gogoratu ikasturteko Ohiko Batzar Nagusia abenduaren 13an, asteazkena, izango dela.

3. San Nikolas Txikia: abenduak 5, asteartea

Dakizuen bezala, abenduaren 5ean, asteartea, San Nikolas Txikiaren eguna da. Haurtzaro Ikastolako 2 urtetik 7 urte bitarteko ikasleak eta irakasleak abestera aterako dira ohitura dugun bezala. Gogoratu, ikasleek ez dutela inolako jantzi berezirik ekarri behar.
Ibilbidearen xehetasunak jarraian aipatzen dizkizuegu:
  • Haur Hezkuntza 2 urtekoak: 10:15ean ikastolan eta auzoan ariko dira kantari.
  • Haur Hezkuntza 3 urtekoak: 10:00etan, Okindegia, Elorrondo kalearen hasiera eta Pikagaraiko etxeak.
  • Haur Hezkuntza 4 urtekoak: 10:00etan, Landetxe plaza, Mendiburu kalea, San Juan kalea, Euskal Herria plaza eta San Esteban plaza.
  • Haur Hezkuntza 5 urtekoak: 10:00etan, Erriberane, Arraskularreko ingurua, Ibargaingo etxeak, Petra Lekuona zaharren egoitza eta San Esteban plaza.
  • LH1. eta 2. maila: 09:30ean Iturriotzera joango dira.
Inguru horietan bizi bazarete, harrera ona egingo diguzuelakoan gaude; beste kasuetan, ibilbide honetara ingura zaitezten animatzen zaituztegu.

OHARRA: Eguraldi txarra egiten badu, 11:15ean, ikastolako frontoian elkartuko gara.

4. Euskararen Eguna

Etzi igandea, abenduak 3, da Euskararen Eguna. Guk, ikastolan, gaur abenduak 1, ospatuko dugu arratsaldean.

Herrian antolatutako Euskararen Eguneko ekintzetan ere parte hartuko dugu, bihar larunbata, abenduak 2. Hauxe da egitaraua:
  • 10:00-13:30: HemenGuk AZOKA Kontzejupean.
  • 10:00-13:30/17:00-19:00: “Gaitu” proiektua: herritarren AHOTSEN GRABAKETAK pleno aretoan.
  • 17:00: Ikastetxeen, Haziaken eta Abaraxkaren EKINTZA eta EMANALDIAK plazan. Bertan izango dira Eskolaz Kanpoko Ekintzetako Dantza Modernoko kideak eta bertsolariak.
  • 22:30: Bengo + Hamabi KONTZERTUA Landetxen.
Astelehenean, abenduaren 4a, berriz, Xabier Lete XXXVI. Prosa eta Poesia lehiaketako sari banaketa egingo dute, 18:00etan Landetxen. Erreserbatu zuen lekua hemen. Adi gure sarituei!

5. Oiartzoko ikasleen jertse salmenta

Kaixo:

Oiartzo Ikastolako Batxilergoko bigarren mailako ikasleak gara eta udara honetan Europara joango gara ikasbidaian. Hori dela eta, dirua lortzeko zenbait ekintza eta proiektu antolatzen gabiltza, horietako bat jertseen salmenta izanik.

Jarraian zurea eskatzeko aukera izango duzu eta nahi izanez gero, bat baino gehiago ere eska ditzakezu; lagunentzat, familarentzat... Hemen duzue inprimakia: https://labur.eus/NZtLo

Animatu!

6. Gwiseniko Diwanarekin elkartasuna

Pasa den azaroaren 1eko eta 2ko gauean, elkartrukea egiten dugun Gwiseniko (Breizh) Diwanaren eraikina teilaturik gabe utzi zuen Ciaran ekaitzak. Euri filtrazioek gelak eta bulegoak goitik behera busti ondoren, ikasleek ezin izan zuten eskoletara itzuli.

Geroztik, gurasoak, langileak eta irakasleak antolatu egin dira. Hasieran inguruetako Diwanetan, eta astelehen honetatik aurrera, ondoko eraikin bat atontzeko aukera eman diote klaseekin jarrai dezaten.

Ikastolok ongitxo dakigu zeinen goxo jasotzen dugun erkideon elkartasun-ekimen bakoitza, nolaz eta zenbatetan xutitu izan garen ordainagiririk onartzen ez duen auzolanari esker.

Bidexka horri eutsiz, beraz, Haurtzaro Ikastola, Karaez-Oiartzun Komitea eta AEKren artean ekimen desberdinak proposatuko ditugu abenduan zehar: bildutako dirua Gwiseniko Diwanari helarazioko diogu. Adi beraz, guraso!

Bitartean, dohaintza ekonomikorik egin nahi izango baduzu, onuradun gisa GWISENI jarrita, zure ekarpena egiteko aukera izango duzu kontu korronte honetan:
LABORAL KUTXA ES52 3035 0126 63 1260701133

Elkartasunari mugarik ez!
(Euskaraz eta bretaineraz, ere bai. Eta kitto!)
Gwiseni Elkartasun Kartela
1701126942666

Eskolaz kanpoko ekintzak

1. Abenduko bajak eta alta berrien eskaerak

Lehenengo hiruhilekoaren bukaerara iristen ari gara, eta norbaitek eskolaz kanpoko ekintzetan aldaketaren bat egin nahi badu, orain da momentua.

Jarraian dituzue baja inprimakia eta alta berrien eskaerak egiteko:

  • Baja inprimakia: https://forms.gle/9d2aTpa3n2td63hu9
  • Alta berriak: https://forms.gle/YNuDfgCNN6YNMXcLA. Alta berrien kasuan, guk jasoko dugu zuen eskaera, baina ezin dugu bermatu egiteko aukera, jasotzen ditugun bajen baitakoa baita zenbait ekintzatan. Oporrak hartu aurretik, emailez jakinaraziko dizuegu urtarriletik aurrera alta eskaera onartua izan den edo ez.
  • Baja eta alta berrien inprimakiak betetzeko epemuga: ABENDUAK 11, astelehena, eguerdiko 12ak.
Gogoratu, edozein zalantza estraeskolarrak@haurtzaro.ikastola.eus helbide elektronikoan argituko dugula.

2. Euskararen Egunerako oharrak

Bihar larunbata, abenduak 2, Oiartzungo plazan ospatuko den EUSKARAren egunean, Haurtzaro Ikastolako Dantza Modernoko LH1etik LH6ra barteko ikasleek hartuko dute parte, baita Haurtzaro ikastolako LH5 eta LH6. mailako bertso eskolako ikasleek ere.

Festa 17:00etan hasiko da eta Haurtzaro Ikastolako eskolaz kanpoko ekintzetako ikasleen emanaldia 18:20 inguruan hasiko da.

Dantza Modernoko ikasleak 18:00etan ludotekako plazan elkartuko zarete monitorearekin, eta bertso eskolako ikasleak 18:00etan udaletxe azpian, eskolaz kanpoko ekintzetako koordinatzailearekin.

Apartekoak

1. Euskarazko Produktuen Katalogoa

Euskarazko Produktuen Katalogoa jasoko duzue zuen seme-alaben eskutik (LH1 eta DBH1. Gainontzekoek, markatzailea). Digitala ere kontsulta dezakezue: https://www.katalogoa.eus.

Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998. urtean argitaratu zen lehendabiziko aldiz. Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena orduan, eta 115 toki-entitate dira gaur egun parte hartzen dutenak, 200 udaletik gora guztira.

Euskal Herriko lurralde eta ezaugarri oso ezberdinetako hainbat herritako udalek egin dute bat euskarazko produktuak sustatzeko. 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako produktuak dira. Katalogoan era askotako zortzi ataletan sailkatuta daude: aldizkariak, musika, liburuak, komikiak, informatika, jostailu eta jokoak, filmak, eta gurasoentzako materiala.
Gabonetako eskubaloi kanpusa

2. Gabonetako Eskubaloi Kanpusa antolatu dute Oarsoaldean

Gabonetako oporretarako Eskubaloi Kanpusa antolatu dute Errenteria-Oreretako, Pasaiako eta Lezoko eragileek, 8-13 urteko haurrentzat eta gaztetxoentzat.

Goizez izango da, 09:30etik 13:30era, eta astebetez edo bi astez parte hartzeko aukera izango da. Ondoko kartelean duzue informazio guztia.

Informazio gehiago: kanpus.eskubaloia@gmail.com.
footerra
facebook instagram twitter youtube website