Haurtzaro Ikastolaren barne komunikaziorako buletina. Ikusi mezu hau zure nabigatzailean
logoa

12.
zenbakia



2023ko azaroaren 24a

Azaroak 25

Berri Orokorrak

1. Azaroak 25: Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna

Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta gure komunitateak argi adierazi nahi du indarkeriarik gabeko jendarte baten aldeko apustua egiten dugula eta horretan jardungo dugula.

Bide batez, gogorarazi nahi dizuegu, ikastola parekideago baten alde lanean jarraitu ahal izateko, komunitateko edozein kidek proposamenak, zalantzak, iradokizunak, alternatibak... izanez gero, ondorengo helbidea dugula horiek bidaltzeko txokoa: hezkidetzabehatokia@haurtzaro.ikastola.eus.

Era berean, Oiartzungo Feministen Asanbladak biharko antolatu duen elkarretaratzean parte hartzeko deia egiten dizuegu.
Elkarretaratzea a25

2. Azaroak 27, astelehena, jai eguna

Gogorarazi nahi duzuegu datorren astelehena, azaroak 27, jai eguna dela eta ikastola itxita egongo dela.

3. Azaroak 30, osteguna, GREBA

Dagoeneko jakingo duzuen bezala, mugimendu feministek egun osoko greba deialdia egin dute azaroaren 30erako (datorren osteguna). Haurtzaro Ikastolako lan bazkideek erabaki dute aldarrikapenari babesa ematea eta greba egitea.

Gauzak honela, gure egunerokoan eskaintzen ditugun zerbitzuak (garraioa, jantokia, goizeko eta eguerdiko zaintza, jardun pedagogikoa, eskolaz kanpoko ekintzak…) ezin izango ditugu eskaini, ikastola zerbitzu minimoetan egongo delako egun horretan.

4. Batzar Nagusia: abenduak 13, asteazkena

Aurreratu nahi dizuegu ikasturteko Ohiko Batzar Nagusia abenduaren 13an izango dela, asteazkena, hitzordua gordetzeko.

Txostena paperean jaso nahi baduzue, hemen duzue eskaria egiteko inprimakia: https://forms.gle/4Xvv6aWr8vfkZdLh8. Epea: azaroak 30, osteguna.

5. Gabon kantak: prozesuaren eta erabakiaren berri

Hezkuntza Batzordeak 22-10-23ko bileran, aurreko ikasturtean guraso talde batek Gabon kanten inguruan egindako eskaerari erantzunez, Eguberrietako kanten errepertorioaren lanketa egin beharra adostu zuen.

Lehenik, komunitatean gaiaren inguruko iritzi-bilketa egitea baloratu zuen. Gauzak horrela, DBHko ikasle guztiei kanten inguruko galdetegia betetzea eskatu zitzaien lanketa egin ondotik eta 271k erantzun zuten; 10. buletinean gurasoei galdetegia bidali zitzaien eta 144 familiak erantzun zuten; bukatzeko, 3 etapetako irakasleei ere iritzia galdetu eta 41 erantzun jaso ziren. Erantzun dutenen emaitzen arabera, % 81,8k tradizionalak diren kantak eta moldatu gabeak aukeratu dituzte.

Emaitzak aztertu ondoren, komunitatearen iritzia kontuan hartzea baloratu da ondarea zaintze aldera, eta errepertorio albait zabalena eskaintzea, izaera laikoa duten kantak lehenetsiz.

6. DBH4ko kamisetak, jertseak, poltsak eta lepokoak

Guraso agurgarriak:

DBH4ko ikasleok ikasturte bukaerako bidaia finantzatzeko kamisetak, jertseak, poltsak eta lepokoak jarri ditugu salgai. Eskaintzaren inguruko zehaztasunak eskaera egiteko GALDETEGI honetan dituzue.

Kontuan izan epea datorren astelehenean, azaroak 27, bukatuko dela. Bestalde, aurrerago jakinaraziko dizuegu ordaintzeko eta jasotzeko modua zein izango diren.

Zuen laguntza behar dugu gure helburua lortzeko. Animatu!

DBH4ko ikasleak

7. Apaingarri jasangarriekin koloreztatuko dituzte herriko txokoak Gabonetan

Lehengo asteko buletinean aurreratu genizuen bezala, Oiartzungo kaleak elkarlanean eta modu jasangarrian edertzeko ekimena egingo dute lehen aldiz Oiartzungo Udalak, herriko sortzaileek, ikastetxeek eta Abaraxkak.

Abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra Doneztebe plaza eta inguruko kaleak koloreztatzeko proposamena diseinatu dute herriko gazte sortzaileek. Material naturalak eta birziklagarriak erabiliko dituzte txoko ezberdinak janzteko: adarrak, hostoak, morkotsak, oihal zatiak, sokak, artilea…

Joan den larunbatean artistek pentsatu dituzten apaingarriak sortzeko materialak elkarlanean bildu zituzten. Jasotako materiarekin, gaur ostirala, azaroak 24, prestatuko dituzte apaingarriak, 17:00etan Kontzejupean. Hostoak eramateko deia egin dute.

Besteak beste, egur xaflekin egindako arbola handi bat ere jarriko dute herriko plazan. Etxeetan soberan dauden apaingarriekin bete nahi dute zuhaitza: “Etxe askotan egoten dira dagoeneko erabiltzen ez diren bola eta apaingarriak. Datozen egunetan Abaraxka udal ludotekara eramateko eskatu nahi diegu herritarrei, hauek berrerabili eta guztion artean oiartzuarron arbola sortzeko”.

8. Ikastolen Elkarteko Neguko Katalogoa

Ikaselkarren Neguko Katalogoa publikatu dute dagoeneko. Ikastolan eskaerak eginez gero, produktu guztiek prezio berezia dute, garraio gasturik gabe, gainera. Ikastolako gurasoentzat eta lankideentzat soilik egiten dute eskaintza hau (produktuak atxikitako dokumentuan ikus ditzakezue, baita www.ikaselkar.eus helbidean ere).

Eskaerak egiteko azken eguna abenduaren 4a izango da, astelehena: https://forms.gle/FJqupHyVBmoChBcu7

Apartekoak

1. Treba formazio saioak: lehenengoa, azaroaren 28an

Treba Gurasoak programaren barruko lau saio antolatu dituzte Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak: azaroan, abenduan, apirilean eta maiatzean. Haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako saioak dira.

Lehenengoa hilaren 28an izango da, asteartean, Leyre Canorekin. Udaletxeko pleno aretoan da hitzordua, 17:00etan: Komunikazioa familian. Guraso eta seme-alaben arte harremanak eta komunikazioa hobetzen.

Animatu!
footerra
facebook instagram twitter youtube website